Aspaldiko pilota giroa berreskuratu dute Markina-Xemeingo finalek
Atzo [urriak 24] goizean jokatu ziren Markina-Xemeingo frontoi txikian Markina-Xemeingo 43. Esku Pilota Txapelketako finalak. Sei mailatako zazpi partida jokatu ziren txikienetatik hasita nagusien mailaraino. Emozioa izan zen nagusi.
Pandemi aurreko giro ona izan zen nagusi atzo [urriak 24] berriro, Markina-Xemeingo frontoi txikian. Markina-Xemeingo 43. Esku Pilota Txapelketako finalek erakarrita, hainbat pilotazale elkartu ziren hilabete inguru iraun duen lehiaketaren amaiera ikusteko. Norgehiagoka politekin gozatzeko aukera egon zen, gainera. Sei mailatako zazpi partida jokatu ziren txikienetatik hasita nagusien mailaraino.
Ohi modura, txikien mailako partiduagaz hasi ziren neurketak. Amets Larrinaga eta Aimar Agirrezabalaga eta Ekhi Sanz eta Pello Olabarria izan ziren jokoari ekiten lehenengoak, eta partida estu baten ondoren, bigarren bikoteak eraman zituen txapelak 15-18 irabazita. Zortzi tantuko aldeagaz irabazi zuten umetxoen mailako partidua jarraian, Gotzon Odiagak eta Estebe Urizarbarrenak; Julen Ibarzabal eta Jon Cid azpitxapeldun geratu ziren. Umeen mailako txapelak, berriz, Joel Txurrukak eta Julen Aierdik jantzi zituzten, Unai Egiari eta Orhi Roblesi irabazi ondoren. Maila horretako beste txapelak, ostera, Unax Arrizabalaga eta Ibai Azpiazurentzat izan ziren; Ibai Arakistain eta Aratz Gandiaga izan zituzten aurkari finalean.
Lehia politak egon ziren bai eta gaztetxoen eta gazte mailetan ere. Ibai San Antonekk eta Unax Ibarzabalek 22-8 irabazi zieten Amets Alvarez eta Mikel Ezpeletari gaztetxoetan, eta Bingen Beitia eta Markel Calvo nagusitu ziren gazte mailan Mikel Egurrolari eta Jokin Alvarezi 22-15 irabazita.
Nagusien mailan, azkenik, Josu Agirreamalloa eta Markel Egurrola izan dira aurtengo txapeldunak, eta Anartz Ibarloza eta Antxon Azpiazu azpitxapeldun geratu dira.
Final egunagaz amaitzeko txapelak eta garaikurrak banatu zituen Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak finalisten artean. Horrez gain, zozketako zenbakiak atera zituzten. Ondorengoak dira zortzi zenbakiak: 0091, 0520, 1600, 1589, 0039, 1050, 1335 eta 1800 (agertuta).