2022ko udazkenean jokatuko da XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia
Txapelketa irailaren 24an hasiko da Getxon, eta finala abenduaren 18an jokatuko da, Iruñean.
Bertsozale Elkarteak gaur [urriak 26] iragarri du 2022ko udazkenean egingo dutela XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia: “Pandemiak eragindako egoera leundu den honetan, lurraldeetako txapelketak ahalik eta normaltasun handienarekin bururaino eramateko modua izango dela aurreikusiz, XVIII. txapelketa 2022ko udazkenean egitea erabaki dugu”. Berez, txapelketa aurten zen egitekoa, baina egoera zela eta, elkarteak ez egitea erabaki zuen.
Gainera, aldaketa nabarmenagaz dator XVIII. txapelketa: finala Iruñean izango da, Nafarroa Arenan. 2005eko finalaz geroztik, orain artekoak Bilbao Exhibition Centren jokatu dituzte, eta aurrekoak Donostian (1935-2001).
Irailaren 24an Getxon hasiko da txapelketa, eta abenduaren 18an izango da finala. “Iruñerrian eragin asmoz egingo da finala Iruñean. Ez da asmo isolatua. Izan ere, 1984. urtetik Nafarroako Bertsozale Elkarteak lurraldean bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du”. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu izana”, azaldu dute.
Gogoratu dute ibiltaria dela Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da Bertsozale Elkartearen helburua, eta azpimarratu dute ondorioak nabariak izan ohi direla: “Zaletasuna areagotzen da, bertso-eskolentzat bizigarri dira eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan”.