Basoaldea kalea eraberritzen hasi da Lekeitioko Udala
Espaloiak zabaldu eta espazioak berrantolatuko dituzte iriste erraztasuna bermatzeko. Zirkulazioan aldaketak egongo dira obrak irauten duten bitartean.
Basoaldea kaleko obrak hasi ditu Lekeitioko Udalak. Azaldu dutenez, proiektua auzotarrekin batera landu dute, eta kale osoaren urbanizazioa berrituko dute iriste erraztasuna lehenetsiz.
Espazioak berrantolatu eta espaloiak zabaltzea dute asmoa, espaloien guztieneko zabalera bermatuz. Horregaz batera, saneamendua eta euri ur zein ur hornidurako sareak ordezkatuko dituzte baita argiteria publikoa ere. Udalak jakitera eman duenez, lanak Intxausti SA enpresak egingo ditu eta berrikuntzak 481.000 euro inguruko kostua izango du. Udalak aurreikusi du lanek bost hilabete iraungo dutela.
Obrak direla-eta ibilgailuen zirkulazioan aldaketak egongo dira. Momentu honetan Paskual Abaroa kaleko sarreran lanean hasi direla eta, sarrera hori itxita egongo da eta Eusebio Maria de Azkuetik sartu ahalko dira ibilgailuak. Behin behineko sarrera izango da; lanek aurrera egin ahala aldaketak egongo dira. Izan ere, Eusebio Maria de Azkueko parte hori ere konpondu egingo dute.