Markina BHIk eta Bekobenta eskolak ere Errigoraren kanpainagaz bat egin dute
Eskaerak euren bidez egiteko posta elektroniko bat zehaztu dute, eta eskaerak egiteko buzoi bat ere ipini dute.
Markina-Xemeingo Markina BHIko eta Bekobenta eskolako irakasle eta gurasoek ere Errigoraren kanpainagaz bat egin dute. Errigorak zapatuan [urriak 23] hasi zuen #EUSKARARIpuzka kanpaina, eta eskaerak egiteko azken eguna azaroaren 11 da. Kanpainagaz bat eginda, bi ikastetxeek saskiak eskatzeko posta elektroniko bat zehaztu (errigora@markinabhi.org) eta ikasle guztiei kanpainari buruzko informazioa daukan eskuorria banatuko diete.
Eskaera egiteko. “Eskuorrian ze saski eskatu ahal duten, saski bakoitzak dituen produktuak eta batzen den dirua ze egitasmo laguntzeko erabiliko den zehazten da”. Gainera, eskuorrian eskaera egiteko inprimakia ere badago. “Eskaera egin nahi dutenek inprimakia bete eta eskolan ipinitako Errigoraren buzoian sartu beharko dute; irakasle gelan ipinitako orrian ere izena eman daiteke. “Familia eta irakasle guztiei eskaerak gure bidetik egiteko dei egiten diegu”. Zalantzak dituztenek ondoko telefono zenbakira deitu dezakete: 634 42 91 35.
Markina-Xemeindik ere Euskal Herri osoan euskarazko hezkuntza posible izateko lan egingo dutela azpimarratu dute
Kanpaina babesteko eskuorriak banatu eta talde argazkia ateratzeaz gain, esan dute jolasordu batean ikasleei Errigoraren kanpainei esker batzen den dirua nora bideratzen den azaltzen duen bideoa ere proiektatuko dietela. “Eta ez dugu baztertzen ikasle eta gurasoentzako beste ekimen bat egitea”.
Gaineratu dute “tamalgarria” iruditzen zaiela oraindik ere Euskal Herriko eremu batzuetan “euskarazko murgiltze eredua” debekatuta egotea. “Tamalgarria da baita ere bestelako herri proiektuak ere oztopo eta trabaz beteta egotea”. Errealitate horren aurrean, Markina-Xemeindik ere Euskal Herri osoan euskarazko hezkuntza posible izateko lan egingo dutela azpimarratu dute.