Azoka denda (Lekeitio): "Tokiko produktuak gero eta gehiago eskatzen dira"
Lekeitioko Azokako dendari Mila Martinez, Sandra Garcia eta Sarai Goitiaren ustez, Hamen Bertokoa eta antzerako egitasmoak jendeak tokiko produktuei balio handiagoa emateko lagungarriak dira.
Azoka noiztik dago Hamen Bertokoaren barruan?
Sorreratik dago proiektuan. Maiatzean hartu zuen egungo jabeak, eta proiektuan segitzea erabaki zuen. Ez du Azokaren esentzia galdu nahi; Azoka oraintsu arte izan dena mantendu nahi du. Lehengo moduan dago ipinita, berdin-berdin, eta produktuak zein bezeroak mantendu nahi izan ditugu.
Zuen ustez, proiektuak ze onura dakarzkio eskualdeari?
Onuragarria da azkenean denok irabazten dugulako. Hemengo jendeak euren produktuak saltzeko erreferentzia batzuk dituzte, eta guk ere etekina ateratzen dugu, jendeak produktu horiek nahi dituelako. Denontzat mesedegarria da; bai erosleentzat, bai ekoizleentzat eta baita dendentzat eta ostalaritzarentzat ere.
Jende askok eskatzen dizkizue otzarak? Eskari asko al dituzue?
Bai, askok eskatzen dituzte. Otzarak egiten ditugu Hamen Bertokoko kide diren ekoizleen produktuekin zein bestelako produktuekin ere. Opari edo detaile bat egin behar baduzu, beste aukera bat da. Produktu bereziak dira, eta opari desberdin bat da. Jendeak gero eta gehiago eskatzen dizkigu. Otzarak oso politak geratzen dira eta osatuak.
Gabonei begira, otzarak oparitzeko kanpaina martxan dago. Zergatik oparitu halako otzara bat? Zer esango zeniekete herritarrei animatu daitezen?
Opari desberdina da eta, gainera, bertoko jendeari laguntzen diozu. Dena dago lotuta; hemengo produktua aurrera ateratzen laguntzen duzu, eta denontzat da onuragarria, denok ateratzen ditugu etekinak.
Eta zer esango zenieke Lea-Artibaiko merkatari, ostalari zein ekoizleei proiektuagaz bat egin dezaten?
Kalitatezko produktuak dira, eta behar izanez gero, egun batetik bestera dauzkazu. Dendan produktuak inoiz ez zaizkigu falta. Behar dugunean deitzen diegu, eta segituan ekartzen dituzte. Imajinatzen dugu jende asko egongo dela bere produktuak saldu nahi dituena eta zelan egin ez dakiena. Irtenbide bat da Hamen Bertokoako bazkide izatea. Gainera, orain ez dauden produktuak egiten dituzten ekoizleak animatzen badira, eskaintza zabalagoa, anitzagoa eta aberatsagoa izango litzateke. Produktu gehiago bagenitu, otzarak egiteko eta saltzeko ere aukera gehiago edukiko genituzke.
Zein ekoizleren produktuak dituzue Azoka dendan?
Ibai-Gane jatetxeko etxeko janaria eskaintzen duen Elikatu, Laneko Kooperatiba Elkartearen sagar-dultzea, sagardoa, txakolina, mermeladak, Bakikureta landa oiloen arrautzak, Gure Eztia, Gaizkaren ahabiak–sasoia denean–, Baskaran Bariñako esnekiak, Larruz ahuntz gazta… eskaintza zabala daukagu.
Uste duzue orain jendeak tokiko produktuei balio gehiago ematen diela?
Gero eta gehiago eskatzen dute, eta beti nongoa den galdetzen digute, batez ere, barazkiak, piperrak, tomateak, porruak…. Udan, adibidez, tomateengatik galdetzen digute askok. Orain indabak ere nongoan diren esaten digute, eta bertokoak dira, Amorotokoak eta Mendexakoak. Jendeak galdetu egiten du, eta erosi egiten du. Nahiago dute pixka bat gehiago ordaindu, baina jakinda produktua hemengoa dela, produktua ona dela uste dutelako.