Laneko kooperatiba: "Ingurukoa mantentzen apustu bat egin behar dugu"
Produktuak gehigarririk barik eta ahalik-eta era naturalenean egiten dituzte Laneko Kooperatibako kideek. Diotenez, Hamen Bertokoa proiektuak bertoko produktuei balioa emateko balio du.
Laneko Kooperatiba sorreratik dago Hamen Bertokoa proiektuan. Zer eskaintzen duzue?
Barazki kontserbak, marmeladak, sagardoa, txakolina, sagar-zukua eta sagar-gozoak ekoizten ditugu. Batez ere inguruko baserritarren, gure bazkideen lehengaiak erabiltzen ditugu, eta behar dugun gainerakoa inguruko beste baserri batzuetatik eta beste ustiapenetan erosten dugu. Gure produktuak gehigarririk barik eta ahalik-eta era naturalenean egiten ditugu. 14 bazkide gara, gehienak Lea-Artibaikoak.
Otzarak egiten dituzue?
Gehienbat denda batzuetan saltzen dugu, baina otzarak ere egiten ditugu. Eskualdeko dendetan salmenta zuzena egiten dugu gehiago, otzarena baino.
Zergatik erabaki zenuten proiektuaren parte izatea?
Hamen Bertokoa guztiz bat zetorrelako gure hasierako filosofiagaz eta beharra egiteko gure moduagaz. Gure produktuak hemen inguruan eta Bizkaian saltzen ditugu gehienbat. Orduan, logikoa ikusten dugu bertako lehengaiak erabiltzea, eta bertako baserritarrei laguntzea bultzatzea. Horretarako egin behar duguna da euren produktuak kontsumitu.
Zuentzat zergatik edota zertan da onuragarria proiektua?
Inguruko baserritarrok eta ekoizleok, oro har, gure produktuei balioa emateko balio du. Gero eta ezagunagoak izatea eta bertoko produktuak kontsumitzeko indar gehiago egitea, eraldatzen gabiltzanontzat zein gainontzeko ekoizleentzat mesedegarria da.
Beraz, zuen produktuak jende gehiagorengana heltzen lagundu dizue?
Bai, eskualdean ezagunak ginen, baina lagundu digu, ez guk gura genukeen beste, baina ematen diren pausoak beti dira lagungarriak. Apur bat zabaltzen ahalegintzen ari gara, eta ez bakarrik kontsumitzaileen artean. Bertoko produktuak ikastetxeetako jantokietan hartzeko ahalegina egin nahi dugu, eta hor ere bagoaz aurrera. Jantokietan bertoko produktuak kontsumitzea bultzatu gura dugu, ikastetxeetan nahiz beste kolektibo batzuen jantoki handietan.
Tokiko produktuei balio gehiago ematen al die orain jendeak? Hamen Bertokoa moduko proiektuek balio dute balio gehiago emateko?
Bai produktu ekologikoak, bai tokikoak gehiago baloratzen doaz. Argi eta garbi ikusten da. Gero, gauza batzuetan prezio aldetik arazoak ditugu; prezio duin batzuk lortzeko… Bertoko baserritarrek, ekoizle txikiek, bai abeltzaintzan dabiltzanak, ortuarietan, frutagintzan,… derrigorrez kontsumitzaileen laguntza behar dute euren ustiategiak, baserri inguruak mantentzeko eta aurrera eroateko. Kontzientzia hartu behar dugu.
Hamen Bertokoako kide izatera animatzeko, zer esango zenioke jendeari?
Kontsumitzaileei, merkatariei, tabernariei eta jantokiko jendeari gauza bera esango nioke: ingurukoa mantentzen apustu bat egin behar dugu. Inguruko dendak, jantokiak, tabernak,… mantentzen ditugunak inguruan bizi garenok gara. Pandemian inguruko tabernak eta jantokiak mantentzeko esan zitzaigun, eta ez da bidezkoa, gero, eurek ez erostea inguruko produktuak. Ingurua eta inguruko baserritarrak eta ekoizleak mantentzea denontzat da onuragarria. Orokorrean, gaur egun, gizarteko eragile guztiok ikusten dugu gero eta argiago zein garrantzi daukan ingurukoak; gure ingurua mantentzeak arlo guztietan, bai ekonomian, ingurumenean… Arlo horretan aurrera egiteko argi dago bertoko produktuak kontsumitu behar ditugula eta baloratu egin behar ditugula.