Hamen Bertokoa, Lea-Artibain bertokoaren garrantzia azpimarratzen
Lea-Artibaiko elikagaiak eskualdeko herritarrek ezagutzeko, erosteko eta kontsumitzeko helburuagaz sortu zen Hamen Bertokoa. Elkarlana oinarri duen proiektuak zenbait ekimen biltzen ditu.
Lea-Artibain ekoiztutako elikagaiak eskualdeko herritarren artean ezagutzera emateko proiektua da Hamen Bertokoa, produktu horien ekoizpena eta kontsumoa sustatzeko helburua duena: «Nahiz eta gaur egun produktu asko urte guztian dendetan ikusten ditugun, orokorrean, bakoitzak bere sasoia dauka, eta ezagutza hori galtzen doa. Bertoko elikagaiak balorean jarri nahi ditugu, eta elikadura gure gizartearen oinarria dela herritarrei gogorarazi. Hau ez da egun batetik bestera lortzen, beraz, guk horretan jarraituko dugu, eskualdeko garapenerako garrantzitsua dela uste dugu eta».
Lea-Artibaiko baserriak eta herrietako denda, jatetxe eta tabernak ekonomikoki, sozialki eta ingurumenarekiko jasangarriak izan daitezen lortu nahi dute. Diotenez, janari osasuntsuarekiko kontzientzia zabaltzen ari da, apurka, herritarrengan. Baina azken urteotan nekazari eta abeltzain kopurua jaitsi egin da, eta errelebo falta ere arazo handia dela uste dute. Bestetik, erosteko moduak «asko aldatu» direla eta bertoko produktuak erosteko ohitura «ere jaitsi dela» igarri dute: «Egoera horri aurre egiteko, besteak beste, Lea-Artibain egindako elikagaiak bertoko kontsumitzaileei eskura ipintzea beharrezkoa da».
“Elkarlaneko proiektu irekia da eta, beraz, eskualdeko ekoizleak zein bertako produktuak saldu edo erabiltzen dituzten merkatariak eta ostalariak animatu nahi ditugu Hamen Bertokoagaz bat egitera”
2019ean elkarlanean sortu zuten proiektua; eskualdeko ekoizleak, merkatariak eta ostalariak batzen ditu. Horri esker, bertoko baserritarren, abeltzainen eta lehen sektoreko gainontzeko zenbait ekoizleren produktuak eskualdeko dendetan erosi, eta taberna eta jatetxeetan dastatzeko aukera daukate herritarrek zein bisitariek.
Bazkideei dagokienez, gaur egun, hamasei ekoizle, hamahiru merkatari eta hamazortzi ostalari daude Hamen Bertokoan. «Elkarlaneko proiektu irekia da eta, beraz, eskualdeko ekoizleak zein bertako produktuak saldu edo erabiltzen dituzten merkatariak eta ostalariak animatu nahi ditugu Hamen Bertokoagaz bat egitera». Horretarako, interesa daukatenek elikadura@leartibai.com helbide elektronikora idatzi edota 94-616 90 88 telefono zenbakira deitu dezakete.
Kide egin. Leartibaitarrak kide ere egin daitezke, proiektura atxikituz. Proiektuari babesa emateagaz batera, informazioa esku-eskura jaso ez ezik –hileroko buletina bidaltzen diete–, ekintza berezietan eta zozketetan parte hartu ahal izango dute. Internetez izena eman daiteke. 465 kide dauzkate. «Beste alde batetik, sare sozialetan jarraitzaileak asko igo zaizkigu. Gaur egun, 762 jarraitzaile ditugu Instagramen eta 752 Facebooken».
Azaldu dutenez, norbanakoak ezeze, elkarte batzuk ere proiektura atxikitu dira: «Adibidez, eskualdeko kirol zein beste elkarte batzuetara hurbildu ginen euren kidetza edo atxikipena lortzeko, euren ekintza eta ekimenetan ematen dituzten opari edo sariak Hamen Bertokoako produktuez egiteko. COVIDak bide hori ere moteldu egin du. Hala ere, batzuk bertoko produktuen garrantziaz jabetuta daude, eta eurak hasi dira euren ekimenetan bertoko produktuak ematen sari edo opari moduan. Horren adibide da Cikautxo Lea-Artibai klasikoa – errepideko zikloturista martxa».
Elkarteko kideek Gabonetan Hamen Bertokoako Otzara aukeratzera animatu dituzte elkarte, erakunde eta enpresak
Otzarak. Besteren artean, bertoko ekoizleen produktuekin osatutako otzarak eskaintzen dituzte Lekeitioko Azoka, Bideitzen eta Kasumay, Markina-Xemeingo Ituarte eta Ondarroako Bolin eta Sustrai dendetan. «Bakoitzak nahi duen kopurura egokituta enkargatu daitezke. Kontsumitzaileek detaile edo opari bat egiteko aukera paregabea daukate, bertotik bertora!». Izan ere, ekimen horri esker, bertoko ekoizleei eta merkatariei laguntzeaz gain, produktu osasuntsu eta kalitatezkoak eskuratu daitezke dendetan, bertara joanda zein telefonoz deituta. Etxebizitzetara bidalketak ere egiten dituzte: «Ituarte dendak Markina-Xemeinen barruan egiten ditu bidalketak, Kasumayk eskualde osoan eta Azoka, Bideitzen, Sustrai eta Bolin dendek edonora».
Momentu honetan Zozketa Handia ere martxan daukate, eta Gabonetara begirako kanpaina ere prestatu dute. Elkarteei, erakundeei eta enpresei zuzendu zaizkie: «Euren kide, langile edota bezeroei detaile edo opari bat egiteko aukera dira otzarak, eta Hamen Bertokoako Otzara aukeratzera animatu nahi ditugu. Elikadura osasuntsua gure oinarria da, eta bertoko produktua balioan jartzeagaz batera, opari edo detaile bat egin dezakezu».