Lekeitioko Beteranoen Trinkete Txapelketakoek urteroko irteera kulturala egin dute
Esku pilota txapelketa jokatu dute Gartzarungo frontoian, eta inguruko herriak ezagutzeko ere baliatu dute irteera kulturala.
Lekeitioko Beteranoen Trinketeko Esku Pilota Txapelketako partaideek Nafarroako Imotz eta Basaburua bailarak bisitatu dituzte asteburuan [martxoak 19-20]. Gartzarun Basaburua udalerriko kontzejukoa da urtero Lekeitioko norgehiagokan parte hartzen duen Mikel Jaunarena, eta 2017tik bisitara joaten dira bertara, Jaunarena omendu eta Lekeitioko txapelketan parte hartzeko egiten duen bide luzea eskertzeko.
Ohi modura, alde batetik, esku pilota txapelketa jokatu dute Gartzarungo frontoian, eta bestalde, inguruko herriak ezagutzeko baliatu dute irteera kulturala.
Bost bikotek parte hartu dute aurten Gartzarungo txapelketan. Ligaxka bat jokatu zuten bikoteek eta Jaunarena (Gartzarun)-Madariaga (Eibar) eta Zapa (Eraso)-Etor (Uhizi) sailkatu ziren finalera. Final dotorea eskaini zuten bikoteek. Jaunarena eta Madariaga 5-1 aurreratu ziren hasieran, baina Zapak eta Etorrek ez zieten gauzak errez jarri. 5-5, 66 eta 7-7 berdindu zuten bikoteek eta 7-8 aurreratzea ere lortu zuten. Momentu horretan, Jaunarenak bere jokoa erakutsi zuen, eta frontoia ondo ezagutzenen duela aprobetxatuta, tantoak zenbatzen joan zen hainbat dejada eginda. Gainera, Madariagak ondo lagundu zion atzean, eta 12-8 irabazi zuten. Finaleko jokalari onenarentzako saria, berriz, Etorrek eraman zuen.
Bisita. Etxaleku eta Eraso herriak eta Jaunarenagaz batera, bisita kulturalaren antolatzaile izan den Xabier Iturriotzen zapata tailerra eta Larruaren Txokoa ere ezagutzeko aukera eduki zuten. Zapatuari amaiera emateko, azken urteetan Beteranoen Trinketeko txapelketan pilota aukeraketa eta epaile lanetan aritzen den Juan Ignazio Izarrari omenaldia egin zioten Gartzarungo elkartean.
Irteera kulturala amaitu aurretik Oskotz herria bisitatu eta Aralar mendiko Mendukilo kobak ere ezagutu zituzten.