Bost taldek girotuko dute Markina-Xemeingo Bertsio Gaua!
Zapatuan [martxoak 26] egingo da Markina-Xemeingo Txosna Batzordeak antolatutako ekimena; Akerbeltz gaztetxeko ohotza gainera igoko dira aurten partaideak.
Txosna Batzordeak Karmen jaietan antolatzen duen egitarautik kanpo dator aurten Markina-Xemeingo Bertsio Gaua! Lekua eta eguna ezberdinak badira ere, ohiko eredua jarraituko du, musika eta giro ona eskainiz.
Zapatuan [martxoak 26] ospatuko da Akerbeltz Gaztetxean, Txosna Batzordeko eragile denen artean antolatu duten musika ekimena, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, bost izango dira estilo ezberdinetako musika taldeen bertsioak plazaratuko dituzten taldeak, denak Markina-Xemein eta inguruetako herrietako partaideekin osatutakoak: Zirtakiz, Eskietan Kristo, Mamones, Zaharrak Berri eta Alkate hilak.
Euskal taldeen edo nazioarteko talde ezagunen izenak aukeratu dituzte Bertsio Gauerako, apur bat moldatuta, baina ez dute aurreratu talde horren edo beste batzuen bertsioak joko dituzten. Hori bai, talde bakoitzak bizpahiru abesti eskainiko ditu.
Egitaraua. Bertsio Gaueko giroa berotzen joateko 19:00etan, karro poteoa egingo da Markina-Xemeingo kaleetan zehar, Buztarrin hasita. Handik gaztetxerantz abiatu, eta bertan afaltzeko aukera eskainiko dutela zehaztu dute antolatzaileek. Begano eta zeliakoentzako aukerak ere egongo dira gainera. 21:30ean hasiko da Bertsio Gaua!