Markina-Xemeinen Grand Slama jokatuko dute aurten
Lau grand slam izango ditu aurtengo Jai Alai World Tour zirkuituak. Markinako Grand Slama ekainaren 18an hasiko dute eta uztailaren 16an jokatuko dute finala. Gernika-Lumon, Donostian eta Hondarribian lehiatuko dituzte beste hiru grand slamak.
Goizean Bilbon aurkeztu dute 2022ko Jai Alai World Tour zirkuitua. Orain arteko luzeena izango da; maiatzean hasi eta urte amaieran amaituko da, eta lau grand slam osatuko dute (iazkoan, esaterako, bi egon ziren), eta kirolari onenak bilduko dituen final four bat ere izango du.
Markinako Grand Slama ekainaren 18an hasiko dute Uni frontoian, eta Karmen Egunean, uztailaren 16an erabakiko da bikote txapelduna. Donostian, Gernika-Lumon eta Hondarribian lehiatuko dituzte beste hiru Grand Slamak.
Hain zuzen, maiatzaren 14an hasiko da lehenengo txapelketa handia; Donostiako Grand Slmaren finala ekainaren 11n jokatuko dute, eta Gipuzkoako hiriburuaren lekukoa Markina-Xemeinek hartuko du. Gernikako Grand Slama uztailaren 23an hasiko dute eta abuztuaren 16an jokatuko dute finala, eta Hondarribiakoa, berriz, uztailaren 15ean hasiko dute eta urriaren 1ean jokatuko dute finala.
Zirkuituko lau txapelketa nagusi horiek kontuan hartuta, lau aurrelari eta lau atzelari onenek jokatuko dute azkenengo fasea. “Honetarako puntuazio-sistema eta sailkapena enpresek aurkeztuko dituzte”, zehaztu dute arduradunek.
Abenduan Berriatuan erabakiko da bakarkako txapelketa. Abenduaren 2an hasiko dute Buruz Buruko Txapelketa, eta abenduaren 30ean lehiatuko dute finala.
Beste behin, eskualdeko profesionalak ariko dira zirkuituan, eta tartean, domekan erabaki zen Jai Alai Winter Series txapelketa jokatu duten izen handien jokoaz ere gozatuko dute zaleek, beste urte batez. Hain zuzen ere, gaur baieztatu dutenez, besteren artean, Ispasterko Aritz Erkiaga egungo bakarkako txapeldunak, beragaz neguko txapelketa irabazi duen Jon Zabala markina-xemeindarrak, Ibon eta Aimar Aldazabal anai berriatuarrek, Jokin Arbe markina-xemeindarrak, Antxon Alberdi etxebarritarrak, Diego Beaskoetxea, Unai Lekerikabeaskoa eta Xabi Barandika gernikarrak, Alex Hormaetxea bermeotarrak, Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez zumaiarrek edota Paueko Olharanek eta Etxeto bidartearrak parte hartuko dute aurtengo zirkuituan.
Gaurko Bilboko Itsas Museoaren aurrean egindako aurkezpenean egon dira Zabala eta Erkiaga, beste hainbat puntista eta enpresa eta erakundeetako ordezkariekin batera.
EGUTEGIA:
- Donostiako Grand Slama: Maiatzak 14, 21 eta 28 eta ekainak 4 eta 11.
- Markinako Grand Slama: Ekainak 18 eta 25 eta uztailak 2, 9 eta 16.
- Gernikako Grand Slama: Uztailak 23 eta 30 eta abuztuak 6, 13 eta 16.
- Hondarribiako Grand Slama: Uztailak 15, 22 eta 29, abuztuak 5, 12, 19 eta 26, irailak 3, 10, 17 eta 24 eta urriak 1.
*OHARRA: Grand Slam bakoitzaren aurkezpena egingo dute, eta horietan bakoitzaren antolaketari buruzko azalpenak eta zehaztasunak emango dituzte.