Korrikaren hasieran egongo dira Gookapi basoko iratxoak eta Iñigito Txapelpunk abeslaria
'Iratxoen Kantu sekretuak Korrika' ikuskizun musikala sortu dute 22.Korrikarako. Ugaitz Alegria antzezle ondarrutarrak jarriko dio ahotsa Pintxo iratxo interaktiboari.
Korrikaren hasieragaz bat eginez, Iñigito Txapelpunk lekeitiarra ere Amurrion egongo da bihar [martxoak 31], ikuskizun interaktibo bategaz. Baleuko ekoiztetxeagaz lanean ari da lekeitiarra, eta korrikari begira Iratxoen Kantu sekretuak Korrika ikuskizun musikala sortu dute. Korrikaren hasiera «magiaz» bete nahi dutela esan du abeslari lekeitiarrak, «dantzari, aktore, 3D abatar interaktiboa eta errealitate areagotua uztartzen dituen ikuskizun bereziagaz».
Hamabi bat abesti eskainiko dituztela aurreratu du Iñigitok, Azkena Putxi Korrikarako sortutako abesti berria tarteko. Lekeitiarragaz batera Andrea Covadonga ariko da antzezle ikuskizunean, eta Ugaitz Alegria antzezle ondarrutarrak jarriko dio ahotsa Pintxo iratxo interaktiboari. Dantzariak, berriz, Irati eta Naia Petralanda izango dira, Iñigitoren lobak.
Amurrioko antzokian egongo dira Iñigito eta iratxoak. 17:30ean da ikuskizuna, eta sarrera doan izango da, edukiera bete arte. «Ikuskizun magikoa da. Kantu sekretuen bidez Gookapi baso magikoan murgilduko gara, eta iratxoen sekretu ugari ezagutuko ditugu». Pintxo iratxoak, 3D abatar elkarreragileak, bere unibertsoko sekretuak kontatuko dizkie ikusentzuleei eta mundu magikoan mugitzeko koreografiak erakutsiko dizkie. «Pantaila batean agertuko da, baina gugaz eta publikoagaz hitz egingo du».
Biharko Korrikaren hasierarako dena prest edukitzeko muntai lanetan ibili dira gaur [martxoak 30] goizean antzokian, eta probak egiten arratsaldean. Abeslariak iragarri duenez, Donostian ere egongo dira, Korrikaren amaieran, apirilaren 10ean.