#Agertxopirata erronka berria martxan
50 ordutan 700 kilometro eta 14.000 metroko desnibel positiboa daukan ibilbidea osatuko dute Helmugak proiektuko kideek. Ekarpen guztia Aspanovas elkartearentzat izango da.
Erronka berria dauka abian Ander Txakartegi Helmugak proiektuaren sortzaile eta sustatzaile berriatuarrak. #Agertxopirata proiektu solidarioaren bidez Aspanovas elkarteari lagundu nahi dio beste behin ere, kirol erronka berri bat gauzatuz. Uztailaren 1etik 3ra luzatuko da kirol jarduera solidario berria. 50 ordutan 700 kilometro eta 14.000 metroko desnibel positiboa daukan ibilbidea osatuko du Euskal Herriko mendate esanguratsu gehienetatik igarota.
Zarauztik Zarautzera doan SR Euskal Herria ibilbidea aukeratu du egiteko, eta 610 kilometro inguruko zeharkaldi horri Berriatutik joan eta etorria gehituko dio. Tarte horretan, guztira, 31 portu igo beharko dituzte ia Euskal Herri osoan zehar, Bizkaia, Gipuzkoa eta Iparraldetik ere igaroko dira.
Txakartegi ez da bakarrik joango, Helmugak proiektuko partaide gehiago izango ditu bidelagun. Azaldu duenez, pedalkadak ematen izango ditu ondoan batzuk, eta furgoneta bi ere joango dira, bidean beharko dituzten azpiegiturak bermatzeko. Bigarren gauean, esate baterako, zortzi orduko geldialdia egingo dute Aulestin.
Umeak protagonista. Uztailaren 1ean 14:00etan irten eta uztailaren 3an 16:00etan ailegatzea aurreikusten du, eta guztia jai giroan egitea du asmoa. Umeak izango dira protagonistak, batez ere. Irteera ekitaldi bat egingo dute Berriatutik irteterakoan Porrotx pailazoagaz batera, eta lehenengo bi edo hiru kilometroetan umeak joango dira aurretik. Amaieran ere, berdin; Ene Kantak-en musikagaz sartuko dira umeekin lagunduta herriko plazara. “Ager gogoan antolatu dugu erronka; bere omenez Aspanovasi bideratuko diogu lortzen dugun diru guztia. Aurrekoan Ager eta biok sartu ginen helmugara elkarregaz, eta orain umeak sartuko dira”.
Itzulerarako egun osoko jai handi bat prestatuko dute. Umeentzako herri kirolak egongo dira goizean, eta paella erraldoi bat ere egongo da, eta umeentzako opariak ere prestatzen ari dira. “Herriko talde eta eragileek parte hartuko dute baita eskolako umeek ere”.
Aspanovasentzat funtsak lortzeko crowdfunding kanpaina bat abiaraziko dute Kukumiku atarian, eta herritarrak ekarpena egitera animatu ditu. Atxikimendu bideoak ere batzen hasi dira, eta Helmugak-en sare sozialen bidez zabalduko dituzte.