Antzerkiak pandemiari eutsi dio
Aulesti, apirilaren 18tik 23ra artean, Arte Drama Euskal Laborategia bihurtuko da. Antzezlanak emateaz gain, aste osoan zehar antzerki ikastaroak ere izango dira.
Pandemiaren krudelak apurka-apurka agur esango duela dirudien honetan, Aulesti Euskal Herriko antzerkigintzaren epizentro bihurtuko da beste urte batez, apirilaren 18a eta 23a bitartean. Izan ere, ADEL (Arte Drama Euskal Laborategia) hartuko du Lea-Artibaiko udalerriak, euskara eta antzerkia barnebiltzen dituen jaialdiaren XVII. edizioa egiteko. Ander Lipus Artedramako partaidea ADELen antolakuntza lanetan ibili da, eta, aurtengo edizioari begira, aurreikuspen handiak ditu. Izan ere, jendarteak normaltasunera bueltako erritmoari heldu gura dio ADELek ere eta, beraz ohiko datara bueltatu da: Pazko Astera. Lipusen ustez, urrats handia da hori: “Esanguratsua da betiko datara itzultzea, azken bi urteetan irailean eginda, ikasleak eta umeak erakartzea zaila baitzen, ikasketa egutegi barruan harrapatzen baitzien antzerkiaren asteak”.
Ohiko datara mugitu arren, antolakuntzak erabaki du antzezlanak frontoian egitea. “Pandemia sasoian, edukiera kontuengatik baliatu genuen frontoia, baina kargutu ginen espazio egokia zela: leku handia du, aterpean dago, eta beharrezko baldintzak betetzen ditu geroz eta formatu handiagokoak diren antzerki ekoizpenak hartzeko”, azaldu du Lipusek. ADELen izaeraren nahiz egituraketaren inguruan itaunduta, Lipusek argi ditu erantzunak: «Bi ertzeko proiektua da, bai izaera, bai egitura aldetik. Batetik, izaera edo nortasuna markatzen duten bi elementurik esanguratsuenak euskara eta antzerkia dira; bestetik, egitura markatzen dutenak jendez aurreko egitaraua eta ikastaroak dira».
Lipus, antolaketa lanetan ibiltzeaz gain, irakasle ere ibiliko da aurtengo formazio saioetan. Beragaz batera, Jon Ander Urresti bermeotarra, Eneko Gil, Laura Penagos, Edurne Azkarate eta Ainhoa Artetxe ibiliko dira. Haietako bakoitzak antzerkiaren, gorputz adierazpenaren edota dantzaren inguruko eskolak emango dizkie hamalau ikasleri. Hamalau horiek aukeratzea, baina, dezente gaitza izan da, Lipusen arabera: «Formazio saioak arrakastatsuak dira, eta, izen-ematea zabaldu orduko, Euskal Herriko hainbat pertsona zain egoten dira. Hortaz, hamalau hautagaiak aukeratzea ogibide nekeza da beti».
Aulestiko herritarrek jaialdiarekiko atxikipena eta interesa erakusten dute urte osoan zehar
Ikasleek zortzi orduko jardunaldiak izango dituzte, astelehenetik zapatura, Lea espazioan. Eskolak emango dituzten irakasleetako askok [Urrestik, Penagosek eta Azkaratek] jendez aurreko egitarauan ere parte hartuko dute, gainera. Egitarau horretan, hain zuzen ere, aurten ez da estreinaldirik egongo baina, dena dela, izango da berritasunetarako paradarik: «Konpainia amateur bat ekarriko dugu Donostitik, Aldatzen Laguntzen izenekoa, eta gainontzekoek ere, bakoitzak bere erara, denetariko koloreak eta munduari buruzko orotariko ikuskerak plazaratuko dituzte; oro har, kalitatea bermatuta dago, eta ondo pasatzea zein hausnartzea izango dira jomugak», azaldu du.
Aurtengo egitaraua. Egitaraua atontzerakoan, Lipusek argitu duenez, «euskara, ikukera feminista, izaera ez-komertziala eta ikuspuntu berritzaileak edukitzea» bilatzen dute. astelehenetik eguenera, obrak dohakoak izango dira; barikuan eta zapatuan, bost euroko prezioa izango dute. Aurten, hurreko lagunei eginiko omenaldi tankera ere izango du ADELek; izan ere, Jon Ander Urrestik estreinatuko du, hilaren 18an, egitaraua, Tribiz, baserri galdue obragaz. Artedramagaz hartu-eman estua du Urrestik, eta bere proposamena «oso interesgarria» da, Lipusen ustez.
Martitzenean, Aldatzen Laguntzen konpainiak bortxaketa kasu baten eta bere epaiketaren inguruko biolentzia fisikoaren, nahiz estrukturalaren inguruabarrak landuko ditu Birritan Bortxatua lanagaz. Khea Ziaterren Winona & Grace obrak «ikus-entzunezkoak, fama eta prekaritatea onduko ditu». Eguenak elkarlanetik asko izango du, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi-gaz: Kamikaz Kolektiboaren eta Ttak Teatroaren artean landu dute; Amancay Gaztañaga, Iraia Elias eta Erika Olaizola izango dira oholtzan, komedia kitzikatzailea eta mamitsua landuz. Asteburuak, ordu aldaketagaz, «itxura oso ederra» du, Lipusen ahotan. barikuko Formol konpainiaren Album-ek, «dramaturgia garaikidea du eta ez da ohiko obra, antzerki egitura klasikoetatik ihes egiten baitu», azaldu du Lipusek.
Pandemia sasoian aldatu genuen jaialdia frontoira, eta kargutu ginen espazio oso egokia dela
Domekan, ostera, ATX Konpainiako Iñaki Ziarrustak zuzenduriko Lubaki lainotsua lanaren txanda izango da. «Belaunaldi arteko talka jorratzen duen obra da, eta eszenaratze bikaina du, pena merezi du ikustea», adierazi du markina-xemeindarrak. Aulestik ADEL «bete-betean» bultzatu duela aitortu du Lipusek: «Antolatzaileok urte osoan zehar euskarazko sorkuntzari begira egoten garen heinean, herritarrek ere beren interesa eta jaialdiarekiko atxikipena erakusten digute urte osoan». Aulestiko Udalak ere esku artze «erabakigarria» du proiektuaren garapenean, Lipusen arabera: «Aterpetxea zein Lea espazioa uzten dizkigute, eta kulturaren aldeko apustu argia egiten dute, antzerkia eta herria oso estu lotuta daudela berretsiz».
EGITARAUA:
- Apirilak 18 (astelehena). Tribiz, baserri galdue. 21:30ean, frontoian. Dohainik.
- Apirilak 19 (martitzena). Birritan bortxatua. 21:30ean, frontoian. Dohainik.
- Apirilak 20 (eguaztena). Winona & Grace. 21:30ean, frontoian. Dohainik.
- Apirilak 21 (eguena). Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi. 21:30ean, frontoian. Dohainik.
- Apirilak 22 (barikua). Album. 22:00etan, frontoian. Bost euroren truke.
- Apirilak 23 (zapatua). Lubaki lainotsua. 22:00etan, frontoian. Bost euroren truke.