Amaia Aberasturi artista mutrikuarrak erakusketa berria zabalduko du Ondarroan
Bariku [apirilak 29] goizean hasi eta maiatzaren 8ra bitartean egongo dira ikusgai Aberasturiren artelanak. 200 pieza inguru izango direla azaldu du.
Azken bost hilabeteko lana Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan erakutsiko du Amaia Aberasturi artista mutrikuarrak. Barikuan [apirilak 29] hasi eta maiatzaren 8ra bitartean egongo da ikusgai Kresala Usaina izena jarri dion erakusketa. Arrankillak, kaioak, baleak, itsasoak ekarritako egurrak … 200 pieza inguru izango direla azaldu du.
«Hau nire hogeigarren bakarkako erakusketa da eta berezia izatea gura dut», azpimarratu du artista mutrikuarrak. Erakusketa berriak lan asko eta lanordu asko eskatu dizkio, hala ere, emaitzak ahalegin hori guztiori merezi izan duela uste du. «Uste dut erakusketa polita geratu zaidala».
Egunero zabalik. Bariku goizean zabalduko duen erakusketa ikusgai egongo da bai astegunetan zein asteburuetan ere, eta ondorengoa izango du ordutegia: astegunetan 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:15era; zapatuetan, 10:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:15era, eta domeketan, 11:00etatik 15:00etara.
Ondarroan “oso gustura” dagoela ere aipatu du Aberasturik; iazko azaroan ere erakusketa bat jarri zuen Alamedako aretoan eta harrera ona eduki zuten bere artelanek.