Eguzkik Ingurumen Fiskaltzan salatu du Mutrikun zikoina bat hil dela
Hegaztiaren gorpua poste elektriko baten azpian zegoenez, elektrokutatua hil izanaren susmoa dago, eta hori faunaren kontrako delitu ekologikoa litzatekeela salatu dute taldetik.
Ez da kasu isolatu bat. Orain dela egun batzuk ere, Gipuzkoako Basozainek twitter bidez ezagutarazi zuten putre bat hilik aurkitu zutela antzeko egoera batean, eta Eguzkitik jakinarazi dutenez, “kasu hauek agerian uzten dute egokitu gabe jarraitzen duten linea elektrikoek, ingurumen arazo larria direla, eta arazoari ez zaiola behar besteko garrantzirik ematen ari.”
2020an, Eguzkik Talde Ekologista eta Antikuklearrak eskari bat egin zien EAEko diputazioei, hain zuzen ere, hegaztientzat arriskutsuenak izan daitezkeen linea elektrikoen segimendu eta identifikazioan espezializatutako basozain talde bana sortzeko eta baliabidez ondo hornitzeko. Baina taldeak ez zuen erantzunik jaso. Talde espezializatu hauen sorrera guztiz bat etorriko litzateke Estatuko Fiskaltza Nagusiak 2019ko abuztuan autonomia-erkidegoei igorri zien ofizioarekin. Ofizio hartan, Fiskaltzak gogorazi zien abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak konpainia elektrikoak lineak egokitzera behartzen dituela, hegaztien elektrokuzio- edo talka-arriskua gutxitzeko. Hala ere, konpainiek Dekretua betetzeari behin eta berriz uko egin diote.
Gauzak horrela, Fiskaltza Nagusiak autonomia-erkidegoei zigorrak ezartzeko eskatu zien, eta elektrokutatutako hegaztien kasuak Fiskaltzari bideratzeko, ingurumenaren aurkako delituak izan zitezkeelako.
Hegazti handientzat, batez ere harraparientzat, linea elektrikoen arazoa, pozoien, tiroen edo auto-istripuen arazoa baino larriagoa da.
Datuak. Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren arabera, babestutako 33.000 harrapari baino gehiago hiltzen dira urtero Espainias estatuko linea elektrikoetan. Baina Eguzkik dioenez, “beste iturri batzuei erreparatzen badiegu, Ministerioaren datuak motz geratzen dira”. Esaterako, Fundación de Amigos del Águila Imperialek Fundación Banco Santanderrekin lankidetzan orain dela gutxi egindako ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuan urtero 192.000 eta 337.000 hegazti bitartean hiltzen dira linea elektrikoetan.
Euskal Herriari dagokionez, ez dago datu zehatzik. Baina Eguzkitik aipatu dutenez, “estrapolazio sinple batek agerian uzten du ingurumen-arazo handi baten aurrean gaudela, eta ez zaiola erantzun egokirik ematen ari. Ezkutatuta dago, besteak beste, administrazioek ez diotelako behar besteko baliabiderik bideratzen”.
Eusko Jaurlaritzaren eta Iberdrolaren arteko hitzarmena
Aurretik aipatu bezala, 1432/2008 Errege Dekretuak arauak ezarri zituen konpainia elektrikoek lineak egokitzeko. Konpainiek, ordea, Dekretua betetzeari uko egin zioten urtetan, harik eta ingurumenaren aurkako delitua egiteagatik sententzia batzuk iristen hasi ziren arte.
Testuinguru honetan, 2019ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak eta Iberdrolak linea elektrikoak egokitzeko hitzarmen bat izenpetu zuten. Baina, Eguzkiren iritziz, “hitzarmena oso berandu etorri zen eta eskasegia da. Berandu diogu, Dekretua onartu eta hamar urte luze pasatu eta gero etorri zelako. Eskasegia, berriz, hitzarmenaren arabera, Iberdrolak goi-tentsiko 750 dorre egokitu behar zituelako hiru urteetan.” Ingurumen Sailak egindako inbentarioaren arabera, egokitu beharreko 7.000 dorre daude EAEko inguru ahuletan, hau da, mehatxupean dauden hegaztiak igaro, ugaldu, elikatu eta kontzentratzen diren eremuetan.