"Kostaldeko garbiketa" burutuko da Ondarroan
Artibai ibaiaren inguruak garbituko dituzte goizean. Ondoren, benjamin, alebin, infantil eta kadete mailetako estropadak lehiatuko dira.
Kostaldeko Garbiketa eguna ospatuko da, zapatuan, Ondarroan. Bizkaiko Arraun Federakuntzak eta Ondarroa Arraun Elkarteak antolatu dute ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko sailaren laguntzarekin. Errekak garbi izatea, natura eta ingurugiroa zaintzea, eta kirola sustatzea dira egunean burutuko diren ekintzen helburu nagusiak.
10:00etan Artibai ibaiaren inguruak garbitzera aterako dira herriko naiz inguruko arraunlari eta gazteak. Garbiketa, Kamiñazpi auzoan eta Aieriko paduraren
aurreko aldean burutuko da. Parte hartu nahi duten gazteek Ibaiondo kaleko parkean bilduko dira. Bertan, garbiketarako beharrezko materiala banatuko dute, eta boluntarioek ordubete inguru arituko dira ibai bazterrak garbitzen. 11.30ean argazki erraldoia aterako da Ondarroa Arraun elkarteko atarian.
Ondoren, 12.30ean eskola kiroleko haurren estropadei hasiera emango zaie, hain zuzen ere, benjamin, alebin, infantil eta kadete mailetako estropadak. Estropadak Artibai ibaia itsasoratzen den lekuan izango dira, itsas adarra hasten den eremutik 250 metro ibaian gora eginaz. Estropadak bukatzean, oroigarrien banaketa egingo da parte hartu duten guztien artean.
Antolakuntzatik aipatu dutenez, batelekin datozen atoiak, Sabin Aranaan, elkartearen ondoan, dagoen aparkalekura joan beharko dira.