Lanak entregatzeko azken eguna ekainaren 20a izango da, eta Mutrikuko Udaletxeko harreran aurkeztu beharko dira, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara.
Mutrikuko Udalak 2022ko Malen Jaietako kartel lehiaketa deialdia zabaldu du eta parte hartzeko oinarriak kaleratu dituzte. Aurkeztutako lanen artetik aukeratuko da Mutrikuko jaietako egitarauaren azala, eta Malen Txiki eguneko orrialdean azalduko dena ere.
Lehiaketan, nahi duen orok parte hartu dezake bakaka edo taldeka, eta egile bakoitzeko lan bakarra onartuko da. Gainera, haurren eguneko orrian azalduko den egitarauaren azalerako lehiaketara 16 urtetik beherakoak ere aurkeztu ahal izango dira.
Aurkeztutako lanak baldintza batzuk bete behar dituzte; originalak izan beharko dira, kartelaren gaiak jaiekin eta Mutrikuko herriarekin zerikusia izan behar du, eta beste herriren baten saritutako lanik ez da onartuko.
Ez da onartuko ikur politiko, homofobo edo sexistak dituzten lanik. Teknika eta koloreak libreak izango dira, tamaina DIN A3koa izango da euskarri zurrunean finkatuta aurkeztuko delarik. Kartelaren euskarri informatikoa ere aurkeztu beharko da A3 neurriko JPEG eta 300ppp-ko kalitatean gutxienez. Kartelean nahitaez agertu beharko da honako testua: Mutriku, Malen Jaiak 2022 Uztailaren 21etik 25era. Haurren eguneko orriari dagokionez; Malen Jaiak 2022 Uztailak 23- Umeen eguna.
Lanak egilearen sinadura gabe aurkeztuko dira eta kartazal itxi batean egilearen identifikazio datuak sartu dira, hala nola, izen abizenak, adina, helbidea eta telefonoa.
Epaimahaia Udaleko komunikazio arduradunak eta Arte Eskolako kideek osatuko dute, eta hartzen dituzten erabakiak apelaezinak izango dira. Bi sari banatuko dituzte; sari nagusia, 300 eurokoa izango dena, eta haurren eguneko saria, 100 eurokoa izango dena.