Ondarru kolorez janzten daben Zapato Azule
Kaleak jendez josita, kolore urdina nonahi eta jai giro ezin hobea. Edonori galdetuz gero, denek dakite erantzuna, zertaz ari gara? Zapato Azulaz.
Ondarroako herriaren jai bereziena, Radixu Irratiko taldeak urtero antolatzen duen jaia, eta urtez urte, txoko guztietara heltzen da jai giroaren oihartzuna.
Bi urtez bertan behera geratu ostean, kartelak dioen bezala, hiru dira ospatu beharreko Zapato Azulak, galdutako biak, eta inoiz baino gogotsuago hartuko duten hirugarrena. Antolatzaileek gogotsu hartu dute eginbeharra, eta egun osoko egitarau oparoagaz datoz aurten ere irrati libreko kideak. Berrikuntza batzuk dituzte, tartean, Auminyulinblu! Garagardoaren eskaintza Boga! -ren eskutik.
11:00etan hasiko dira antolatzaileak martxan, Radixu Irratiaren kaleko zuzeneko emisioagaz, hain zuzen ere, jaiaren xehetasun guztien jarraipena egiten arituko dira. Nahi duenak 105.5 FM sintonizatuta edo radixu.info webgunearen bitartez entzun ahal izango du zuzeneko emisioa.
Ordu berean, Euskal Herriko Kamiseta Azokaren irekiera etorriko da, Latxanbre plazan, txoko guztietatik etorritako ikusmahaiak egongo dira euren diseinu berriak erakusten. Leku berean, aurtengo berritasun berezi den Auiminyulinblu! Garagardoak probatzeko aukera egongo da. Boga! Garagardo enpresak, berritasunak ateratzen dituen oro egiten duen bezala, aurten Zapato Azule aukeratu du berritasunak aurkezteko eta etiketa jaira egokitu du. Herria jantzi urdinez janzteaz gain, eskuarteari ere urdintasuna gehitzeko asmoz.
12:00ak emanaz batera, jada ohitura bilakatu den bezala, Manuel Eluk Alaiko balkoitik botako dituen ahozko bolanderen punpadek emango dioete hasiera ofiziala 23. Zapato Azulari. Jaia hasiaz batera, txosna zabalduko dute Alde Zaharrean, eta jarraian musikagaz girotzen hasiko da eguna. Txistulariak arituko dira kalez kale, eta Ttek elektrotxaranga ere nonahi entzungai egongo da.
Dina gogoan
Egun hau berezi egiten duten hainbat gauza daude, baina tartean, Dinamartxa dugu. Alde Zaharrari oilo ipurdia artzen dion momentua, korridore horretatik igaro denak badaki zer den herriaren babesa sentitzea, txalo zaparrada artean hartzen zaituzten bitartean, egindako ibilbidearen nekea kolpe batez desagertu eta irribarreari leku usten dio.
Dina Bilbao Barruetabeñaren omenez egiten diren kirol frogak aurten ere parte hartze handia izango dute. Izen emateak jada itxita, 210 lagunek osatuko dute aurten Tolosa eta Ondarroa arteko ibilbidea. Hain zuzen ere, 150 lagunek osatuko dute ibilbidea bizikletaz, eta 60 lagunek egingo dute oinez mendi mendiko ibilbidea, aurreko gauean atarata. Hortaz, Kantoipe, Nasa Kalea eta Kofradia Zaharraren inguruak beteta ikusiko ditugu berriz ere, Kresala bandako musikariek giroa alaitzen duten bitartean.
Dinamartxakoei ongietorria eman ostean, betiko modura, Nekane Akarregik Radixu Irratiaren pregoia irakurriko du eta aurtengo omendua jakinaraziko da. Ondoren, kamiseta azokako sari banaketari bide eman, eta Cantabricok oparitutako produktuen zozeketa egingo da.
Musika nonahi
Kafeko atzean, Zubi Zahar Herri Ikastolaren gunea egongo da, arratsaldean umeen jolasak, erromeria eta DJ Zirkinen musikagaz gozatzeko aukera eskainiko dute. Musika Plaza eta herriko frontoia, aurten ere bi gunetan banatuko dituzte, eta Ernai izango da antolakuntzagaz arduratuko dena. Bi gune horietan musika izango da protagonista, eta eskaintza zabala egongo da, gustu guztiei zuzendua. Arratsaldean hasi eta gaueko ordu txikiak arte, kontzertuak, eta DJ saioak ez dira faltako.
Gorde zenbakia
Ondarroako emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluak eta Radixu Irratiak elkarlanean, Zapato Azulean egon daitezkeen eraso sexista oro salatzeko telefono zenbaki bat jarri dute eskuragarri (688 77 27 72). Gerta daitezkeen erasoak identifikatu eta behar den neurriko erantzuna ematea ahalbidetu nahi dute zerbitzuaren bidez. Baliabideak ezagutzen dituzten eta arituak diren emakumeek kudeatuko dituzte deiak 20:00etatik 08:00etara egongo da erabilgarri.
EGITARAUA
Gaur, barikua
- 22:30. Mendiz-mendiko Dinamartxakoak, Itsasaurreko geltokitik aterako dira, Tolosarantz.
Bihar, zapatua
- 01:00. Dinamartxa oinez abiatu.
- 07:00. Dinamartxan bizikletan doazenak Itsasaurreko geltokitik aterako dira,, Tolosarantz.
- 09:00. Tolosatik Dinamartxa bizikletaz, Ondarroarantz.
- 11:00. Radixu Irratiaren kaleko zuzeneko emisioa (105.5 FM edo radixu.info)
- 11:00. Euskal Herriko Kamiseta Azoka, Latxanbre plazan.
- 11:00. Auiminyulinblu! Garagardoak, Latxanbre plazan.
- 11:00. Artisau Azoka, Kantoipen.
- 12:00. Alai tabernako balkoitik ahozko bolanderak Manuel Eluren kontura. Txosnaren irekiera Alde Zaharrean.
- 12:00. Ondarroako txistulariak, kalez kale.
- 12:15. Ttek elektrotxaranga kalerik kale.
- 13:15. Faltaten dizenak gogun , Kalekutzeko eskaileretan.
- 13:30. San Pedro iturritik Kresalako banda eta Artelango erraldoiak Zubi Zaharrerantz.
- 14:00. Dinamartxaren ailegaera. Ongietorria irrintzilariekin, Kresalako bandak lagunduta.
Ondoren. Radixu Irratiaren pregoia+ omendua jakinaraziko da. - 14:45. Kamiseta Azokako onenei sari banaketa Alaiko balkoitik+ Cantabricok oparitutako produktuen zozeketa
- 15:00. Euskal Herriko Kamiseta Azoka itxi.
- 15:00. Kalekutzean, Txo! Antzerki Kolektiboaren sketch-a omenduari.
- 15:30. Bazkaltzera!
- 18:00. Umeen jolasak, Kafekoatzen.
- 18:00. DJak Gaztetxean: Jon Larrañaga+Josu+Josu Aranburu.
- 18:00. Musika Plazan, Joxpa.
- 18:00. Frontoian, DJ Ztart.
- 19:00. Ttek elektrotxaranga, Alde Zaharrean.
- 20:00. Kafeko Atzean, Euskal Erromeria: Banakotik Larrain Dantzara!
- 21:00. Frontoian, DJ Elepunto eta DJ Txako.
- 22:30. Kafekoatzen, Errietan.
Ondoren, DJ Zirkin. - 22:30. Saia Goait, Musika Plazan.
- 00:00. Musika Plazan, Mugi Panderoa.
- 00:00. Frontoian, Abdela.
- 03:00. Musika Plazan, DJ Jusef
- 03:00. Frontoian, DJ Malandro.