Ondarroa Cikautxo, onenegandik hurre
Donibane Lohizunen bosgarren sailkatu dira zapatuan Ondarroa Cikautxo taldekoak eta domekan, Zumaian, seigarren. ETE ligako sailkapen orokorrean bosgarrenak dira, hamabost puntugaz.
Ondarroa Cikautxo emakumezkoen arraun taldeak joan den asteburuan hasi du ETE arraun liga. Zapatuan eta domekan lehiatu dituzte estropadak: zapatuan, Donibane Lohizune eta Ziburuko V. Ikurriñan izan ziren; domekan, ostera, Zumaiako V. Ikurriñan. Bietan ala bietan emaitza sendoak eskuratu ditu traineru ondarrutarrak. Izan ere, Donibane Lohizunen bosgarren sailkatu ziren eta, Zumaian, berriz, seigarren.
Zapatuko estropadan Delteco Zumaia taldea nagusitu zen 11.50,56ko denbora lortuta. Ondarroako taldeak, ostera, 12.03,05eko denbora behar izan zuen estropada osatu eta bosgarren amaitzeko. Domekan, ostera, Hondarribia Bertako Igogailuak taldea suertatu zen garaile, 12.23,54ko denboragaz; Ondarroa Cikautxok, bere aldetik, 12.46,99koa behar izan zuen, seigarren bukatzeko.
ETE Ligako sailkapen orokorrean, momentuz, Zumaian nagusitutako Hondarribia Bertako Igogailuak dago lidertzan, 24 puntugaz. Puntu bakarrera du bigarrena: Hibaika Jamones Ancin. Deustu Bilbao da hirugarren sailkatua, hogeigaz. Ondarroa Cikautxok hamabost puntu ditu, eta taulako bosgarren postuan sailkatuta dago. ETE ligako hurrengo estropada datorren zapatuan izango da, Castro Urdialesen.