Mutrikuko Danborzaleek herri galdeketa "era egokian" egiteko hainbat eskaera egin dizkiote udalari
Zehaztu dute herri galdeketa abenduaren 16an eta 18an egingo dela. Besteak beste, botoa emateko lekuak eta materiala eta herritar guztiek botoa emateko aukera edukitzeko baliabideak eskatu dituzte.
Mutrikuko Danborzaleek esan dute dikearen inguruko herri galdeketa abenduaren 16an eta 18an egingo dela: abenduaren 16an 17:00etatik 20:00etara eman ahalko da botoa, eta abenduaren 18an 09:00etatik 20:00etara. Dena dela, herri galdeketa “era egokian” egin ahal izateko, hainbat eskaera egin dizkiote Mutrikuko Udalari:
- Osasun etxe zaharreko gelak uztea. Abenduaren 16an 16:00etatik aurrera, eta abenduaren 18an 08:00etatik boto kontaketa egin arte
- Mugikortasun arazoak dituzten herritarrek botoa eman ahal izateko ibilgailuei Beheko Plazara sartzeko aukera uztea.
- Herriko erroldaren zerrenda. “Udalak ezin badigu zerrenda utzi, esan diezagula nola lagundu dezaketen bozka ematerakoan herrian erroldatutakoak zeintzuk diren eta zeintzuk ez bereizteko”. Azken finean, galdeketak “ahalik eta sinesgarritasun handiena” edukitzea da Danborzaleek nahi dutena.
- Udaltzaingoaren laguntza pertsona eta ibilgailuen segurtasuna bermatzeko.
- Udaleko komunikazio arduradunaren laguntza edukitzea herri galdeketaren mezua zabaltzeko.
- Bestelako baliabideak: mahaiak eta aulkiak, Internet konexioa, hautestontziak, bozketa kabinak, bulego materiala….
Horretaz guztiaz gain, botoa emateko bi egun ezarriko dituztenez, abenduaren 16an bildutako botoak zaintzeko ardura hartzeko ere eskatu diete. “Modu horretara, abenduaren 18ko bozketa egunera arte, jasotako botoak alkatearen ardurapena eta babesean egongo lirateke”.
ORAIN ARTEKOAK:
- 2021eko urria: Dikea luzatu aurretik “hausnarketarako bidea” hartzeko eskatu zuen Mutrikuko B+Ik
- 2022ko uda: Gaiaz kezkatuta, Danborzaleak herri plataforma sortu zuten hainbat herritarrek. Herri galdeketa eskatzeko sinadurak batu eta elkarretaratzea egin zuten
- ELKARRIZKETA: Anuska Tena (Danborzaleak): “Zein da dikea luzatzearen helburua? Hori da gure kezka”
- 2022ko iraila: Dikea luzatzeko lanak hasi zituzten
- [IRITZIA] 2022ko irailaren 9a: Malen Aldalur Azpillagak dikeaz idatzi zuen bere zutabean
- 2022ko urria: Mutrikuko EH Bilduk portuaren gaia lantzeko herri batzordea sortzea proposatu zuen
- 2022ko azaroa: Danborzaleek herri galdeketa abenduan egingo dela esan zuten