Aurrera Mendi Taldeak zuzendaritza talde berria dauka
Abenduan federatu zirenen txartelak eskuragarri daude jada, eguenean [urtarrilak 19] eta barikuan [urtarrilak 20] hartzeko aukera egongo da 19:00etatik 20:15era, taldearen lokalean.
Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak zuzendaritza taldea berritu du, eta “gaztetasuna eta freskotasuna” emateko asmoz etorri da sei lagunez osatutako talde berria: Irati Casais, Jon Feijoo, Eñaut Lertxundi, Aiert Lertxundi, Txomin Bustindui eta Beñat Bidegain dira, denak ala denak mendizaleak eta taldeari “berritasun” puntu bat eskaintzeko asmoz datozenak.
20 urteko ibilbidea zuen aurreko zuzendaritza taldeak, eta erreleboa hartzeko garaia heldu zela adierazi zutenean, herriko mendi taldeari eusteko beharra ikusi eta zuzendaritza hartzea erabaki zuten: “Lagun talde bat gara eta denok ibiltzen gara mendian, hortaz, pausua ematea errazagoa izan da”. Ondarroako herriak duen mendizaletasuna ikusirik, mendi taldea desagertzeko ideiari uko egin eta jarraipena ematea erabaki zuten.
Bat bateko erabakia izanik, antolakuntzari dagokionez oraindik ez dute urratsik eman. Gainera kargua hartuaz batera urteko federatu txartelak egiteari ekin diote, eta adierazi dutenez federatu berrien gorakada handia eman da eta ohi baino gazte gehiago hurbildu dira, positiboki baloratu duten keinua. Abenduko lehenengo txandan federatu zirenek jada eskuragarri dituzte txartelak, eta jasotzeko bi egun zehaztu dituzte: eguena [urtarrilak 19] eta barikua [urtarrilak 20], 19:00etatik 20:15era.
Taldeak ideia eta ekimen berriak ekartzeko asmoak azaldu ditu, eta horretan lan egingo dute. Hala ere, berritasunak ezartzeaz gain, urteroko ekimenekin jarraituko dutela baieztatu dute, eta gaur gaurkoz apirilean egingo den Boga Mendi Martxa, Mendi astea eta irailean egingo den Tontorramendiko X.Igoera baieztatu dituzte. Gainera, aurreko zuzendaritza taldearen laguntza dute, eta hilabetero egiten diren irteera bateratuak antolatzen jarraituko dute.
Materiala. Federatuentzako eskuragarri egon ohi den materiala berrituko dute, hala nola, pioletak eta kranpoiak. Bestalde, 2022ko urte amaieran Aurrera Mendi Taldearen jantzi berriak atera zituzten, lehengo tanda igarota, bigarren deialdi bat egingo dutela aurreratu dute, eskuratu nahi duen orok aukera izateko.