Ia 300 mendizale elkartu dira Markina-Xemeingo 58. ibilaldi neurtuan
Artibai mendigoizale elkarteak 58. ibilaldi neurtua egin du. Bi ibilbide eduki dituzte aukeran parte hartzaileek: luzea eta laburra. Luzean 80 mendizale eta laburrean 208k parte hartu dute.
Lea-Artibaiko biztanleen artean klasikoa bihurtu den ibilaldi neurtua egin zuten zapatuan [apirilak 13] ia 300 mendizalek. Artibai mendigoizale elkarteak antolatzen du ibilaldia, eta hain zuzen ere, 80 izan ziren ibilbide luzea aukeratu zutenak, eta 208 ume eta nagusi ibilbide laburra aukeratu zutenak.
Ibilbide luzea aukeratu zutenak izan ziren goiztiarrenak: 07:30ean abiatu ziren Markina-Xemeingo Opela tabernatik. Euren lehenengo tontorra Bedartzandi (700 metro) izan zen, eta bigarrena, berriz, Motrollo (591 metro). Ibilbide laburra aukeratu zutenek, berriz, 09:30ean hasi zuten ibilaldia. Ziortzako Monastegian hasi, eta Zeinke-Ziarregira joateko bidea hartu zuten. Gontzugarai mendatearen ostean ibilaldi luzeko partaideekin bat egin, eta elkarrekin batera amaitu zuten ibilbidea, Markina-Xemeinen.
Antolatzaileek adierazi dute aurreko urteetan bezala aurtengoan ere ume eta nagusiek parte hartu dutela ibilaldietan, bereziki laburrean. Horrekin batera, pozik geratu dira aurtengogaz; ez zen inolako eragozpenik egon: “Dena oso ondo irten da, eta denek pozik amaitu dute ibilbidea”.