Ondarroak eta Isuntzak bandera bana eskuratu dituzte Euskadiko Batel Txapelketan
Atzo [apirilak 21] Pasai Donibanen jokatu zuten finala. Ondarroako emakumezko haurrek eta Lekeitioko gizonezko gazteek eskuratu dituzte banderak.
Pasai Donibanek hartu du aurtengo Euskadiko Batel Txapelketa. Zapatuan [apirilak 20] sailkapen estropadak jokatu ostean, atzo [apirilak 21] jokatu zuten finala. Maila ezin hobea erakutsi dute eskualdeko arraunlariek, eta merezitako sariagaz itzuli dira etxera.
Emakumezko haurren mailan eskualdeko arraunlariak izan dira nagusi. Ondarroak egin zuen denborarik onena, 05.04,16ko denboragaz. Atzetik, hiru segundoko aldeagaz, Mundaka sailkatu zen, eta brontzezko domina, berriz, mutrikuarrek eskuratu zuten, 05.10,68ko denboragaz.
Gizonezkoen gazte mailan, berriz, Isuntzak eskuratu zuen bandera, 09.22,48ko denboragaz. Ondarrutarrek hiru segunduko aldeagaz baino ez zuten amaitu estropada, eta bigarren postua eskurartu zuten. Lehenengo ziaboga egiteko biek denbora berdina behar izan zuten arren, bigarren ziabogan aurrea hartu zuten lekeitiarrek, eta hala mantendu zuten amaieraraino.
Lekeitioko gizonezko haurrak bandera irabaztetik segundu erdi ingurura baino ez ziren geratu, eta bigarren postua lortu zuten 04.44,54ko denboragaz. Bandera Deustok irabazi zuen, 04.44,22ko denboragaz.