31 minutu eta 56 segundo behar izan zituen mutrikuarrak proba osatzeko.
III. Euskal Duatloiaren finala lehiatu zuten atzo [apirilak 21] Azpeitiko zezen plazan. Aizkora eta korrika uztartuz, sei kirolariren arteko norgehiagoka biziaren ostean, Ugaitz Mugertza nagusitu zen eta gustura agertu da mutrikuarra egindako lanarekin: “Txapelketa ondo joan zen eta gustura nago egindakoarekin”.
12:00etan hasi zen proba eta bi txandatan banatuta parte hartu zuten. Lehenengo txandan Suharri Rodriguez, Arkaitz Jauregi eta Julen Kañamares aritu ziren. Kañamares Xabier Zalduaren ordez sartu zen txapelketan, azken orduko aldaketa izan zen. Ohorezko txandan, ostera, Oier Kañamares, Ibai Soroa eta Ugaitz Mugertza atera ziren.
45 ontzako etzandako launa enbor moztu eta lau kilometro egin behar izan zituzten korrika (40 itzuli zezen plazari). “Hasieratik aurrea hartu nuen lehenengo lau egurretan eta korrika ere gustura sentitu nintzen, 4 minutu inguruan kilometroa eginaz”. Ostean, 45 ontzako zutikako lau enborri ekin behar zioten eta azken txanpan estualdi une bat izan zuen Mugertzak. “Bukaerako probarako minutu eta erdiko aldea nuen, hortaz, erreferentzia hori hartuta amaieran gustura joan nintzen. Hala ere, zutikako hirugarren enborrean ataskatu egin nintzen, egur oso gogorra tokatu zitzaidan eta denbora dezente galdu nuen, baina, hala ere, aldea nuen eta irabaztea lortu nuen”.
Mutrikuarra nagusitu zen denen artean proba burutzeko 31 minutu eta 56 segundo behar izan zituen. Bigarrena, ostera, Oier Kañamares izan zen 33 minutu eta 48 segundotan proba osatuta.