Hastear da Markina-Xemein eta Etxebarriko 5. Pintxo Bidea
Hemen Be Bai merkatari elkarteak bosgarrenez antolatu du Etxebarriko eta Markina-Xemeingo pintxo lehiaketa. Aurtengoan hamar tabernak parte hartuko dute. Bihartik [apirilak 25] domekara [apirilak 28] bitarte 4.000 pintxotik gora saltzea espero dute.
Bost urte dira jada Markina-Xemeingo Hemen Be Bai merkatari elkarteak Pintxo Bidea lehenengoz antolatu zuenetik, eta bihar [apirilak 25] emango diote hasiera aurtengoari. Urtetik urtera geroz eta jende gehiago erakartzen du Pintxo Bideak, eta oraingoan ere hala izatea espero dute antolatzaileek. Ohi bezala, Markina-Xemeingo Udalaren eta Etxebarriko Udalaren laguntzagaz antolatu dute lehiaketa.
Bi herrien arteko elkarlanaren erakusgarri, guztira hamar tabernak parte hartuko dute lehiaketa. Markina-Xemeingoak zortzi izango dira: Naroki, Vega, Mugarri, Mendibil, Kintal, Patxua, Ilunpe eta Melo’s. Etxebarrikoak, berriz, bi izango dira: Otsolo eta Antsotegi. Iaz, esaterako, Mendibil tabernaren Mendibileko txapela pintxoak irabazi zuen lehiaketa.
Hori horrela, bakoitzak pintxo bana aurkeztu du lehiaketara, nahi beste osagairekin. 1,60 euroren truke pintxo ezin goxoagoak dastatu ahalko dituzte herritarrek domekara [apirilak 28] bitarte. 12:30etik 14:30era eta 18:30etik 21:30era egongo dira pintxoak. Sari banaketa ekitaldia, berriz, Baserri Egunean [maiatzak 11] egingo dute. Lau izango dira banatuko dituzte sariak: bi tabernarientzat eta bi bezeroentzat. Tabernariek pintxo onenaren saria (200 euro) eta bezeroek aukeratutako pintxorik onenaren saria (100 euro) jasoko dituzte. Pintxo guztiak probatzen dituztenen artean eta irabazlea asmatzen dutenen artean, berriz, 50 euroko bi bono banatuko dituzte, merkatari elkarteko dendetan erabili ahal izango dituztenak.
Kalitatea handituz. Iaz 4.600 pintxo inguru saldu zituzten tabernariek, eta aurtengoan ere hala izatea espero dute: “Urtero saltzen dira 4.000 pintxotik gora. Lehiaketak oso-oso erantzun ona edukitzen du urtero”. Gainera, urtez urte pintxoen kalitatea ere hobetzen doala nabarmendu dute antolatzaileek: “Epaile profesionalak etortzen dira urtero, eta esan digutenez, lehenengo urtetik hona asko igo da pintxoen kalitatea. Eta ez hori bakarrik, baita aurkezpena ere. Hasieran, pintxo handiak egiten zituzten, eta orain, berriz, gustuei gehiago erreparatzen diete eta begiradara ere aurkezpena asko hobetu dute”. Produktuekin “jolasten” hasi direla azpimarratu dute, eta eboluzio handia egon dela lehenengo urtetik gaur egunera.
Hauek izango dira taberna bakoitzean dastatu ahal izango diren pintxoak:
- Antsotegi. Txangurriña: Zanburiña, txangurroa eta barazkiak.
- Ilunpe. Primavera: Yuca, txahala eta ahuakatea.
- Kintal. Idem: Izokina, ahuakatea eta mangoa.
- Melo’s. Alexis: Arrautza, baratzuria eta haragia.
- Mendibil. Chuleta de huerta: Zerbaren orrimamia, haragi egosia eta pikillo krema.
- Mugarri. Hiru animali: Bularkia, bakona eta piperrak.
- Naroki. Itsas zaporea: Bakailaoa, patata eta ogi txigortua.
- Otsolo. Itxas-lur: Urdaiazpikoa, ahuntz gazta eta antxoa.
- Patxua. Yeruti: Muskuiluak, gazta eta mahonesa.
- Vega. El nordico: Bakailaoa, ganbak eta azafraia.