Maiatzaren 3an eta 4an izango da XII. Lea-Artibai Rallyea
Zapatuan [apirilak 20] Kastinparro racing taldekoek aurkezpen "desberdina" egin zuten Amoroton: lasterketa txiki bat egin zuten herrian.
Bi aste baino gutxiago geratzen dira rally autoen motor hotsek Lea-Artibaiko errepideak hartu ditzaten. Kastinparro racing taldea da horren arduraduna, eta maiatzaren 3an eta 4an ipini dute XII. Lea-Artibai Rallyerako hitzordua. Zapatuan [apirilak 20] aurkeztu zituzten lasterketaren nondik norako guztiak Amoroton, eta pozik daude eduki duen erantzunagaz: “Asko izan ziren etorri zirenak, eta eskerrak ematea bakarrik geratzen zaigu. Espero baino harrera hobeagoa jaso dugu. Amorotoko herriak, gainera, oso ondo hartu gintuen”.
Antolatzaileak ez ezik, Amorotoko Udala ere pozik dago herrira motor munduko ekintzak ekartzeagatik: “Sekula ez dugu horrelako konturik egin herrian, gauza berria izan da. Jendea etorri zen, eta pozik gaude izan duen erantzun onagaz”. Aurreratu duenez, datorren urteari begira baliteke Amorototik igarotzea rallyko probetako bat: “Asmoa daukagu datorren urtean zati bat Amorototik egitea, baina oraingoz asmoa baino ez da. Ikusi egin behar dugu ea egin daitekeen”.
Ez da lehenengo aldia aurkezpena herri txiki batean egiten dutena, baina aurtengo aurkezpena “desberdina” izan da: “Karrerako kotxeak eroan izan ditugu aurkezpenera, apur bat girotzeko. Aurten Amoroto aukeratu genuen aurkezpena egiteko, eta apur bat desberdinago egin dugu”. Euren inguruko zazpi auto eroan eta lasterketako zati baten amaiera izango balitz bezala, lasterketa txiki bat egin zuten: “Amoroto inguruan egin genuen ibilbidea, eta herrian amaitu genuen. Ostean, plazan utzi genituen autoak, jendeak ikusteko. Rally txiki bat izango balitz bezala apaindu genuen dena”.
Ibilbidea. Azaldu dutenez, bi eguneko formatuari eutsi nahi izan diete. Hori horrela, maiatzaren 3an irteera ekitaldia egingo dute Markina-Xemeinen, 20:30ean. Lasterketa egun handia, berriz, hurrengo egunean [maiatzak 4] izango da, eta goizean-goiz ekingo diete egunari. Lau zati kronometratu izango ditu. Lehenengo zatia 09:09an hasiko da Gizaburuagan, eta Ispasterren amaituko da (bigarren itzulia 11:46an hasiko da); bigarren zatia, berriz, 09:37an hasiko da Lekeition, eta Mendexa igaro ostean Ondarroan amaituko da (bigarren itzulia, 12:14ean).
Goizeko bi zatien ostean Markina-Xemeinera itzuliko dira, eta arratsaldean hirugarren eta laugarren zatiak egingo dituzte. Hirugarrena 15:45ean Munitibarren hasi eta Trabakuan amaituko da (bigarren itzulia, 18:10ean). Laugarren zatia, berriz, Eibarren hasiko dute 16:33an, eta Etxebarrian amaituko da; bigarren eta azken itzulia 18:58an hasiko da. Ostean, nola ez, sari banaketa ekitaldia egingo dute Etxebarrian.