Mutrikun hasiko da Euskal Herriko lur gaineko Sokatira Txapelketa
Lehenengo jardunaldia eguaztenean [maiatzak 1] izango da 11:30ean, Galdonan. Mutriku Sokatira Taldeak hiru talde osatu ditu txapelketarako, gizonezkoen talde bat eta bi talde nahasi.
680 kiloko Euskal Herriko lur gaineko Sokatira Txapelketa hastear da eta Mutriku Sokatira Taldea prest dago aurredenboraldiko lana mahai gaineratu eta denboraldiari ekiteko. Hiru jardunaldi izango ditu txapelketak eta denak ala denak Lea-Artibai eta Mutrikun lehiatuko dira; Mutrikun, Ondarroan eta Berriatuan.
Etxean hasiko du txapelketa Mutriku Sokatira taldeak, Galdonan. Aurten, gainera, baditu berritasunak; hiru talde edukiko ditu lehian 680 kiloko txapelketan. Emakumeen Sokatira Taldea osatu berritan, 680 kiloko txapelketak talde nahasiak egiteko aukera eskaintzen du, eta hori da mutrikuarrek egingo dutena. “Talde nahasiak lehiatzeko aukera edukitzen dute, baina ez da txapelketa mistoa. Uztailean lehiatzen den txapelketa mistoan lau emakume eta lau gizonezkok osatzen dituzte taldeak, kasu honetan, ez dira zehazki lau eta lau izan behar; bi emakume eta lau gizon izan daitezke, adibidez”.
Hortaz, Mutriku taldea, Mutriku San Geronimo eta Mutriku Saturraran taldeak osatu dituzte; azkenengo biak nahasiak izango dira, Mutriku taldea, ostera, gizonezkoek osatutakoa izango da. Mutrikuko hiru taldeez gain, Gaztedi A, Gaztedi B, Goiherri eta Goiherri Akelarre taldeak ariko dira lur gaineko txapelketan lehian; zazpi taldek osatuko dute, hortaz, txalpeketa.
- Lehenenego jardunaldia maiatzak 1 [eguaztena], 11:30, Galdonan.
- Bigarren jardunaldia maiatzak 4 [zapatua], Ondarroan.
- Hirugarren jardunaldia maiatzak 12 [domeka], Berriatuan.