100 emakumek egin dute Lekeitioko III. Andra Martxia
Atzo [apirilak 28] Lekittoko Mugimendu Feministak III. Andra Martxia egin zuen. Giro ezin hobean eta "helburuak beteta" amaitu zuten eguna.
Lekittoko Mugimendu Feministaren urteko hitzordu garrantzitsuetako bat bihurtu da Andra Martxia. Aurtengoa antolatu duten hirugarren aldia izan da, eta antolatzaileak pozik geratu dira egunagaz: “Gure helburuak beteta geratu dira martxagaz”.
100 emakume elkartu ziren atzo [apirilak 28] Andraetxean, 14 kilometroko ibilbideari ekiteko asmoz. Aurtengo berrikuntzetako bat ibilbidea izan da, hain zuzen ere: “Lehenengo urtean Ispasterretik egin genuen ibilbidea, eta iaz, Mendexatik. Aurten ibilbide guztia Lekeition egin dugu, iazkoa apur bat gogorra izan zela uste genuen eta”. Hori horrela, ibilbidea “oso ondo” joan zela nabarmendu dute: “Ibilbidea oso ondo joan zen, eta eguraldia ere oso ona egin zigun. Adin desberdinetako emakumeak elkartu gara. Denok batera egin dugu ibilbidea martxa trankil batean, gure erritmora”.
Hiru orduko ibilbidearen ostean, “giro onean” eta “konpainia ezin hobean” heldu ziren Limonerora 12:30 inguruan: bertan indarrak hartu eta hamaiketakoa egin zuten. Gainera, ez ziren fala izan elkartasun keinuak ere: “Asteburuan Leitzak bolleren topaketak egon dira, eta horri keinu egin nahi izan genion, euren kartelekin. Era berean, Palestinako banderak ere eduki genituen”. Parte hartzaileak, gainera, opari batekin joan ziren etxera: “Aurten aterkin moreak oparitu ditugu. Iaz eguraldiak baldintzatu zuen apur bat mendi martxa, eta aurten horregatik oparitu ditugu aterkinak”.