Espainiako Batel Txapelketa irabazi dute lekeitiarrek
Asteburuan Galizian jokatu den Espainiako Batel Txapelketan parte hartu dute Lekeitioko, Ondarroako eta Mutrikuko arraunlariek. Lekeitioko kimu mailako neskek bandera eskuratu dute; gazteen mailako mutilek, berriz, zilarrezko domina.
Asteburuan Espainiako Batel Txapelketa jokatu dute Galiziako A Pobra do CaramiƱal herrian eskualdeko arraunlariek. Bertan egon ziren Lekeitioko, Ondarroako eta Mutrikuko arraunlariak, eta emaitza onak lortuta itzuli dira etxera.
Isuntzako kimu mailako neskek euren abilezia erakusteko aukera eduki zuten, eta Espainiako Txapeldun izendatuta itzuli dira Lekeitiora; 00.02.15,33ko denboragaz eskuratu zuten bandera. Atzetik, ia zazpi segunduko aldeagaz, Tiran sailkatu zen (00.02.21,93).
Gazten mailako mutilek ere estropada ezin hobea egin zuten, eta emaitzaren erakusle da lortu duten zilarrezko domina. Espainiako Txapeldun izatetik segundu bat baino gutxiagora geratu ziren lekeitiar gazteak. Club Remo Chapelak 00.09.04,09ko denboragaz eskuratu zuen bandera, eta Isuntzakoek 00.00.00,84ko aldeagaz amaitu zuten estropada. Ondarroako gazteak, berriz, euren onena emanda bosgarren sailkatu ziren, 00.09.14,18ko denbora egin ostean.
B mailako estropada. Finalera sailkatu ez ziren arren, B mailako estropada jokatu zuten Ondarroako, Lekeitioko eta Mutrikuko beste hainbat arraunlarik.
Haur mailako nesken artean bigarren geratu ziren mutrikuarrak, 00.05.08,38ko denboragaz. Ondarrutarrak, berriz, bosgarren postuan geratu ziren 00.05.22,40ko denbora eginda. Kimu mailako ondarrutarrek, ostera, euren mailako estropada irabaztea lortu zuten, 00.02.25,50eko denboragaz. Lekeitioko gazteen mailako neskak hirugarren sailkatu ziren, 00.04.53,76ko denboragaz. Euren aurretik geratu ziren Deustu (00.04.49,89) eta Mundaka (00.04.47,25). Lekeitioko haur mailako mutilak, berriz, laugarren sailkatu ziren, 00.10.26,04ko denboragaz.