Ondarroa, emakumezko absolutu eta kadete mailetan onena
Ondarroak garaipen sendoak lortu ditu domekako [apirilak 28] Bizkaiko Trainerilla Ligaren bigarren jardunaldian, Elantxoben.
Asteburuan [apirilak 28] Bizkaiko Trainerilla Ligaren bigarren jardunaldia egin zuten. Elantxobek hartu zuen bigarren estropada, goi mailako lehiagaz. Lehen jardunaldia ere zapatuan [apirilak 27] Elantxoben egitekoak ziren, baina itsas baldintza txarrek lehia bertan behera uztera behartu zituzten antolatzaileak. Bertan aritu ziren, besteren artean, Lea-Artibaiko klubetako ordezkariak: Isuntza eta Ondarroa. Ondarroak, hain zuzen ere, ez zuen aurkaririk eduki emakumezkoen absolutu eta kadete mailetan: bietan ala bietan irabazi zuten ondarrutarrek. Emakumezkoen absolutu mailan, Ondarroak A taldeak 16.52,83ko denbora egin zuen; Ondarroa Bk, berriz, 18.30,99ko denborari esker bosgarren postua lortu zuen. Kadete mailako emakumeei dagokienez, 08.17,09ko denboran burutu zituen lanak Ondarroako trainerillak. Estropada horretan, Isuntza laugarrena izan zen, 08.52,86koagaz.
Gazte mailako proban, emakumezko lekeitiarrak bigarren helmugaratu ziren, 18.00,83koagaz; gizonezkoen lehian, aldiz, Isuntza laugarren postuan helmugaratu zen, 16.02,91ko denboragaz. Gizonezkoen absolutu mailan, Isuntzak hiru trainerilla uretaratu zituen: Isuntza A laugarrena izan zen [14.49,11]; Isuntza C, zazpigarrena, 15.08,96koagaz; Isuntza B, zortzigarrena, 15.11,02ko denboragaz.
Bizkaiko Trainerilla Ligaren lehen jardunaldia egin badute, Gipuzkoako lehia hasteko puntuan dago. Hain zuzen ere, maiatzaren 1ean egingo dute estreinako jardunaldia, eta Mutrikun izango da. 11:00etan hasiko dira arraunean Gipuzkoako klubak eta, tartean, etxeko taldea ere egongo da.