Eguaztenean amaituko da Aulestiko danborradan izena emateko epea
Parte hartu nahi dutenek maiatzaren 15ean izango dute azken aukera. Ekainaren 23an zeharkatuko ditu kaleak Aulestiko danborradak.
Ohi legez, danbor hotsek alaituko dituzte Aulestiko kaleak San Joan jaietan. Ekainaren 23an, 18:00etan, herriko kaleak zeharkatuko ditu danborradak eta bertan parte hartzeko izen ematea beharko da; maiatzaren 15a izango da azkenengo eguna. Urzabal Guraso Elkarteak lotura bat zabaldu du izen ematea egiteko. “Izena emateko orduan ordainketa egin beharko da; bazkide edo laguntzaileek 5 euro eta gainontzekoek 8 euro”.
Horrez gain, entseguak egongo dira danborradara ondo prestatuta ailegatzeko eta maiatzaren 25ean izango da lehenengoa. Ostean, ekaineko zapatuetan egongo dira entseguak; ekainaren 1ean, ekainaren 8an eta ekainaren 15ean. Entsegu guztiak ordutegi berdina izango dute, 18:30ean izango dira.
Danborrak eta jantziak. Urzabal Guraso Elkartekoek jakinarazi dutenez, danborrak, makilak eta txaketak maiatzaren 24an jaso ahalko dituzte parte hartzaileek. Udaletxeko 3. solairuan banatuko dituzte danborradako beharrezko jantzi eta instrumentuak, 17:00etatik aurrera.