1000 mendizale baino gehiago elkartu dira Lekeitioko mendi martxan
Domekan [maiatzak 12] 1143 mendizale elkartu ziren Lekeitioko mendi martxan. Antolatzaileak "oso gustura" daude eduki duen erantzunagaz.
Domekan [maiatzak 12] 1000 mendizaletik gora elkartu ziren Lekeition, inguruko mendietatik ibilbidea egiteko asmoz. Guztira 1143 izan ziren, hain zuzen ere, ibilbidea egin zutenak. Antolatzaileak “oso gustura” geratu dira mendi martxak, beste behin ere, eduki duen erantzunagaz: “Egia esan, erantzunarekin oso gustura geratu gara. Ibilbide luzearen zati bat berria izan zen, eta oso polita izan zen; jendea oso pozik geratu da, egia esan”.
Goizean goiz hasi zuten eguna, izan ere, 08:00etan hasi zen 20 kilometroko ibilaldi luzea. Aldez aurretik, gainera, plaza prestatzen hainbat boluntario ere ibili ziren: “Izena emateko aukera egon zen, opariak eta pultserak banatzeko ere bai, kafea prestatzeko taldetxo bat egon zen… Nahiko giro polita sortu zen aurretik”. Ibilbide luzea, berriz, 10:00etan hasi zen, eta Mendexan elkartu ziren bi ibilbideak: “Elkartzeko tokia Mendexa izan zen, eta oso ondo joan zen”.
Partaideak, gainera, ez ziren esku hutsik joan etxera. Herriko denda, jatetxe nahiz hotelen produktuak zozketatu zituzten antolatzaileek: “Euren borondatez opari batzuk eskaini zizkiguten. Kirol dendak motxila eman zigun, beste denda batek bertako kamiseta eta kantinplora, arrantzan joateko bidaia bat, Silken hotelean gau bat bi pertsonentzako, jatetxe desberdinetan bazkari eta afariak, Mendexako Abentura Parkerako sarrera doainik, betaurrekoak…”. Zozketagaz eta plazan boluntarioek prestatutako jan-edanagaz batera, “giro politean” pasa zuten domeka goiza lekeitiar eta inguruko herritarrek.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete domekan boluntario lanak egiten ibili ziren herritar guztiei: “Eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzen ibili diren guztiei. Argi dago horrek laguntzen duela halako egunak aurrera ateratzen, eta oso giro polita egoten da boluntario eta kirol talde guztien artean”.
Plastikoa, murriztuz. Antolatzaileak erantzunarekin gustura geratu badira ere, “beti hobetu nahian” dabiltza: “Aurten opari moduan edalontzi bat eman dugu, berrerabilgarria. Gure helburua horrekin hornidura puntuetako kartoizko edalontziak gutxiago erabiltzea zen. Helburu hori ez dugu lortu, baina, uste dugu gutxinaka, pausoz-pauso egin behar direnak direla”. Euren helburua kontzientzia pizten zen, halako lasterketa eta mendi martxetan erabiltzen den plastiko edo kartoi kopurua murrizteko asmoz: “Alde batetik murriztu genuen, baina ez nahi genuen beste”.