Aulesti Lagunkoia taldeak batzarra deitu du
Herrian identifikatutako bi arazo lantzeko deitu dute batzarra ekainaren 7an, 18:30ean, udal aretoan. Herritarrei zein eragileei hurbiltzeko deia egin diete.
Edadetuen bizi kalitatea hobetzea helburu ipinita, Aulesti herri lagunkoi eta hobea bihurtzeko lanean ari dira Aulesti Lagunkoia taldeko kideak eta herriko eragile zein herritarrengana zuzendu dira herrian atzemandako arazoez aritzeko; ekainaren 7an, 18:30ean, udal aretoan egingo den batzarrera hurbiltzeko deia egin dute.
2017an sortu zen Lea Ibarra Lagunkoia proiektua edadetuei berba eta lekua emanda, horien errealitatearen pertzepzioa ezagutu, definitu eta udalerriko erabaki politikoetan oinarritzat hartzeko. “Sorreran egin genuen diagnostiko bat Lea Ibarrako eta Aulestiko edadetuen parte hartzeagaz, egoera hobetzeko ekintza planak landu genituen, bai bailararako, baita herrirako ere”.
Lanketan “kezka handia” sortzen duten bi arazo identifikatu zituzten. Batetik, Markina-Xemeinera garraiorik ez egotea. Bestetik, Markina-Xemeinera doan BI-3448 errepidearen egoera kaskarra eta trafiko astuna.
Arazoei irtenbideak bilatzen saiatzea taldearen ekintza planean dago, horregatik deitu dute herri batzarra. “Udal aretoan egingo dugun batzarrean parte hartzeko deia egiten dizuegu, horren aurrean daukagun proposamena azaldu eta zuen ekarpenak jasotzeko helburuz”.