Goi-goitik hasi dute triatloi denboraldia eskualdeko kirolariek
Hondarribian jokatu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako triatloi denboraldiko lehenengo proba puntuagarria. Amandarri Triatloi Taldeko Mikel Arrasatek bigarren postua lortu du sailkapen orokorrean, eta lehenengoa bere mailan. Garraitz Kirol Taldekoek ere emaitza onak lortu dituzte.
Hasi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako triatloi denboraldia, joan den zapatuan [maiatzak 11] Hondarribian jokatu zen lasterketa puntuagarriagaz. Lea-Artibaiko ordezkaritzarik ez zen falta izan bertan: Amandarri Triatloi Taldekoak, Garraitz Kirol Taldekoak eta Alarabi Triatloi Taldekoak bertan izan ziren.
Denek euren onena eman badute ere, Amandarriko Mikel Arrasate lekeitiarrak lortu zuen emaitzarik onena. 750 metro igerian, 19,5 kilometro bizikletaz eta 5 kilometro korrika egin ostean, urrezko domina eskuratzetik bost segundotara soilik geratu zen lekeitiarra, 01:04:49ko denboragaz –bere mailan, 23 urtez azpikoetan, lehenengo postua lortu zuen Arrasatek–. Aurretik Peñota Dental taldeko Joanes Goitisolo gernika lumotarra geratu zen, 01:04:44ko denbora eginda. Garraitzeko lehenengo partaidea, berriz, bosgarren postuan heldu zen: Aratz Aizpuruak 01:06:06ko denboragaz amaitu zuen lasterketa.
Euren mailan, onenak. Sailkapen orokorrean ezin izan badute ere, euren mailan emaitza onak lortu dituzte eskualdeko taldeetako kirolariek. Gizonezko gazteen mailan lehenengo eta bigarren postuak lortu zituzten Garraitz Kirol Taldeko Julen Ugaldek (01:11:33) eta Urko Larreategik (01:13:59), hurrenez hurren.
Gizonezkoen junior mailan ere lehenengo postua eskuratzetik gertu ibili ziren Garraitzekoak: Aner Larreategik 01:10:26ko denbora egin zuen, irabazlearengandik bi segundo eskasera. Hirugarren postua ere Garraitzekoek eskuratu zuten: Ander Escribanok osatu zuen podiuma, 01:12:13ko denbora eginda. Markina-Xemeingo Alarabikoak ere ez ziren urrun ibili: Eneko Ibarzabal seigarren sailkatu zen, 01:14:19ko denboragaz.