Hastear dago Mutrikuko Kultur Aniztasunaren Astea
Zapatuan [maiatzak 18] Munduko Arrozak ekimenak bederatzi herrialde batuko ditu Goiko Plazan. "Herritarren arteko interakzioa sortzea da helburua, elkar ezagutzeko bideak sortuz".
Laugarrenez ospatuko duten Mutrikuko Kultur Aniztasunaren astea eguenean [maiatzak 16] hasiko da eta Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunarekin borobilduko dute, zehazki, maiatzaren 21ean.
Haurrentzako ipuin kontalaria eta nagusientzako liburu aurkezpena egingo dira astean, girotzen joateko. Egitarauaren unerik esanguratsuena, ostera, zapatuan [maiatzak 18] ailegatuko da, herritarren arteko harremanak sortzea helburu ipinita kultura arteko topaketa egingo baitute Goiko Plazan. “Hilabetero egiten ditugun bileretatik sortutako ekimena da eta erantzun oso ona izaten duenez, aurten ere antolatu egin dugu”.
Munduko Arrozak izena du ekimenak, baina ez da gastronomiara mugatzen, ezta gutxiagorik ere, herritarren arteko interakzioa sortzea da helburua, “elkar ezagutzeko bideak sortu eta herriko errealitatea islatzeko modu bat da”. Aurten, bederatzi herrialdek parte hartuko dute; Senegal, Bulgaria, Peru, Kolonbia, Honduras, Maroko, Bolivia, Nikaragua eta Euskal Herria.
Aurreko urteetakoa oinarri hartuta, aldaketa batzuk egin dituzte hobetzeko asmoz. Aurten, esaterako, ikastolarekin batera ekintza bateratua egingo dute zapatuan. “Iaz ikastolan astean egin zituzten ekimenak eta guk asteburuan, baina helburu berdina izanik ez du zentsurik ekintzak banatzeak, gainera bi aldiz sukaldatu behar izan zuten”. Hori dela eta, zapatuan ikasleak herriratu egingo dira; munduko jolasak egingo dituzte eta herrialdeei agurra dantzatuko diete, eskertza bezala. Horrez gain, aurten, esaterako, plazan bertan sukaldatuko dute herrialdeek.
Antolatzaileek zehaztu dutenez iaz parte hartzea handia eduki zuen ekimenak, janariak jendea erakartzen baitu, baina haratago joan nahi dute. “Lan pila bat egin zuten eta bukaera bixkat hotz geratu zen eta ez dugu hori ahi”. Hori dela eta, aurten, inprobisazio puntu bat egongo da. “Herrialde bakoitzak bere musika eramango du, jantzi tradizionalekin jantziko dira, dantzaren bat ere egongo da, abestu egingo dute…Baina ez da zerbait itxia izango inprobisazio puntu bat utzi nahi dugu”.
Hortaz, Goiko Plaza topaketarako gune bilakatuko da eta herritarrei hurbiltzeko deia egin diete. Gainera, eguraldiaren menpe dauden arren, euria eginez gero ere ekimena aurrera eramatea aurreikusten da, karpa bidez babestuta egongo direlako.
EGITARAUA
Maiatzak 16
- 17:15. Haurrentzako ipuin kontalaria Princesa Nzinga, liburutegian.
Maiatzak 17
- 19:00. Putaren bakarrizketa eroetxean liburuaren aurkezpena, Zabielen.
Maiatzak 18, IV. Kulturarteko topaketa: gastronomia eta tradizioa partekatuz
- 10:00. Sukaldeak martxan, herrialde bakoitza bere errezeta sukaldatzen, Goiko Plazan.
- 11:00. Munduko jolasak.
- 11:45. Agurra herrialde guztiei.
- 12:00-14:00. Munduko arrozen dastaketa.
Maiatzak 21, Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna