Herriko ume eta gazteen iritziak jasotzen ari da Markina-Xemeingo Udala
Udalak ume eta gaztetxoen kontseiluak jarri ditu martxan. Bi kontseilu jarri dituzte martxan, espazio publikoekin lotutako lanketa egiteko asmoz.
Herriko ume eta gaztetxoek ere badute zeresana herriko gorabeheren inguruan, eta horiek biltzeko asmoz elkartu ditu Markina-Xemeingo Udalak herriko ikastetxeetako ume eta gaztetxoak. Azaldu dutenez, egitasmoaren helburua euren iritzia eta ikuspegia ezagutzea da. Horretarako, hain zuzen ere, “partaidetza gune egokia” sortu nahi izan dute, “hezkidetza, bizikidetza, inklusioa, parekidetasuna eta zaintza bezalako irizpideak kontuan hartuta”.
Hala, bi kontseilu desberdin jarri dituzte martxan. Umeen Kontseilua Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako umeek osatuko dute, hau da, 9 eta 11 urte bitarteko umeek. Gaztetxoen Kontseilua, berriz, Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoek osatuko dute; 14 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek. Bi kontseiluak hamabi kidek osatuko dute, sei neskak eta sei mutilek.
Udalak azaldu duenez, espazio publikoarekin lotuta lanketa izango da: “Espazio publikoarekin lotuta, herriko ume eta gaztetxoek dituzten beharrak eta desirak ezagutu nahi dira, proposamenak udalari helarazi eta udal politiketan txertatzeko”. Hala, bi fasetan banatu dituzte saioak. Lehenengo fasea ekainera arte izango da, eta autonomia eta segurtasuna landuko dituzte. Bigarren fasea, berriz, uda ostean egingo dute, irailetik abendura; aisialdia eta bizikidetza landuko dituzte.
Jakinarazi dutenez, kontseiluetako bakoitzak lau saio egingo ditu: “Lehenengo hiruretan barne lanketa egingo da, eta laugarrena bateratua izango da, udaleko Lurraldea Batzorde informatiboari aztertutakoa azaltzeko”. Horren ostean azken saio bateratu bat ere egingo dute, herritarrei euren lana aurkezteko.