Etxebarrin ez dute onartu 'Lea-Artibain Osakidetza gaixorik dago' mozioa
EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen, eta EAJren kontrako lau botorekin eta EH Bilduren aldeko hiru botorekin ez dute mozioa onartu.
Joan den martxoan eskualdeko ia herri guztietan aurkeztu zuen Lea-Artibaiko EH Bilduk Lea-Artibain Osakidetza gaixorik dago mozioa; Etxebarrian apirilaren 25eko osoko bilkuran aurkeztu zuen EH Bilduk mozioa, eta EAJren kontrako lau botorekin, eta EH Bilduren aldeko hiru botorekin, ez dute mozioa onartu.
Mozioan Osakidetzak izan duen “gainbehera” oinarritzat hartuz, Osakidetzako arduradunekin batzartu eta hainbat eskaera exijitzeko asmoa azaltzen da. “Honen harira, Etxebarriko EAJk ondorengoa adierazi zuen: Osakidetza ez dagoela ez gaixorik, ez gainbeheran, ez desegiten, eta ez dagoela ezta murrizketarik ere”, azaldu dute Etxebarriko EH Bilduko kideek. Era berean, aipatu nahi izan dute Etxebarrin izan ezik eskualdeko gainontzeko “ia herri guztietan” mozioa onartu egin dela, “kasu batzuetan EAJren abstentzioarekin eta beste batzuetan EAJren aurkako botoekin”.