Txirrimorraskiren aurkezpena eta bertso saioa, barikuan
Ondarroa Ondarroako Txirrimorraski ODLTren 35. urteurrenaren baitan antolatutako ekimenen artean urteurrenaren aurkezpena eta bertso saioa egingo dituzte barikuan [maiatzak 17], 17:30ean, Zaldupe eskolako jolastokian. Aissa Intxausti, Nerea Ibarzabal, Miren Artetxe eta Haizea Telleria igoko dira oholtzara eta haurrek ere parte hartuko dute.
Barikuko hitzordura joateko interesa dutenek sarrerak eskuratzeko aukera dute; hiru eurotan daude salgai Kuriken, Alain eta Udal Erakusketa Aretoan.
Erakusketa. 35 urteko ibilbidearen erakusgarri den erakusketa ere ikusgai dago udal erakusketa aretoan maiatzaren 25era bitartean. Astelehenetik barikura 10:00etatik 20:00etara eta asteburuan, berriz, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.