Arrigorri hondartzako gordailuan 70 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute
Eguaztenetik [maiatzak 29] barikura [maiatzak 31] bitartean 70 urtetik gorakoek eta gutxienez %33ko desgaitasuna dutenek izango dute materiala uzteko lehentasuna. Ondoren, ondarrutarrek edukiko dute lehentasuna.
Arrigorri hondartzako gordailuan iaz egon zen espazio faltari aurre egiteko asmoz, lehentasunak ezarri ditu Ondarroako Udalak, eta biltegiko plazak eskatzeko eskaera ordena bat ipini dute. Hala, 70 urtetik gorako herritarrek eta gutxienez %33ko desgaitasuna duten herritarrek edukiko dute lehentasuna eta eguaztenetik [maiatzak 29] barikura [maiatzak 31] bitartean edukiko dute materiala entregatzeko aukera.
“Espazioa handitu egin da aurten, egin diren moldaketa batzuk direla eta, baina hala ere egoki ikusi da udaletik lehentasunak ezartzea, beharrizan handiena daukaten herritarrak kanpoan geratu ez daitezen”, zehaztu dute udaletik. Hortaz, eguaztenetik barikura 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean edukiko dute aukera lehentasuna dutenek. “Lehentasuna epeari lotuta egongo da, epez kanpo eskaera batek epeari lotuta duen lehentasuna galduko du, eta eskaera egin den uneko epeari dagozkion baldintzetara egokitu da”. Ostean, ondarrutarrek izango dute lehentasuna, ostera, gainontzekoek.
Pertsona bakoitzak aulki edo etzaulki eta eguzkitako bat utzi ahalko ditu gordailuan, eta egunean bertan eraman beharko da gordetzeko materiala eta ordainketa momentuan egin beharko da. “Erreserbarik ez da onartuko eta materiala lagatzerakoan beharrezkoa izango da titularraren Nortasun Agiria aurkeztea”. Prezioak zehaztu dituzte: etzaulkiak 60 euro, aulkiak 50 euro, eguzkitakoak 45 euro eta umeen jolasak 18 euro. Zerbitzua goizeko 10:00etatik gaueko 21:00etara egongo da erabilgarri.