Gaztetxearen 13+21. urteurrena ospatu dute Ondarroan
Ondarroako Gaztetxeko urteurrenaren egitarauari amaiera eman diote asteburuan. Betepaetako kontzertuekin girotu zuten Gaztetxea domeka goizean.
Forma berezia hartu du oraingoan Ondarroako Gaztetxearen 13+21. urteurrenak. Hilabete osoko egitarauari amaiera eman diote asteburuan, barikuan zinemarekin hasi eta domekako Betepaetako kontzertuekin eta bazkariarekin biribildu dute urteurrena.
21:00etan hasi zen barikuan [maiatzak 24] Arantza Santestebanen 913 gau dokumentala. Zuzendariak kartzelan igarotako bizipenak kontatzen ditu dokumentalean. “Oso interesgarria izan zen dokumentala. Lehenengo afaria egin genuen eta ondoren, janari eta palomita artean ikusi genuen dokumentala.”
Domekan giro polita egon zen Gaztetxean, oraingoan forma berrituan etorri ziren Betepaetako kontzertuak, goizeko 12:00etan. “Oso giro polita egon zen Gaztetxean, 30 lagun inguru batu ginen eta jende pozik geratu zen, baita musikariak ere”. Hiru bakarlarik bete zuten Gaztetxeko oholtza: Maxal, Mahl Kobat eta Jai/Egun. “Euskal Herriko leku desberdinetatik etorri zen jendea eta gero bazkaltzen gelditu ziren”.