Manzisidorrek eta Barrenetxeak irabazi dute I. Xurdo memoriala
Zapatuan lehiatu zen I. Xurdo memorialaren finala Miruaitz pilotalekuan. Balorazio “ona” egin dute antolatzaileek eta datorren urtera begira jarri dira.
I. Xurdo memorialaren finala lehiatu zen zapatuan Mutrikun eta Jose Mari Manzisidor eta Xabier Barrenetxea izan ziren txapeldunak. Otsailean abiatu zen herriko pala txapelketak iaz zendutako Andres Lezertua Xurdo-ren izena hartu du aurten, omenaldi gisa.
Bi partida jokatu ziren zapatuan Miruaitz pilotalekuan, alde batetik, lehiaketako hirugarren eta laugarren postuak zehazteko eta betetik, final handia, lehenengo eta bigarren postuak zehazteko. Zafra eta Loren gelditu ziren hirugarren, 25-16 irabazita Fermin eta Ugalderi. Finalean berdinduta egon zen lehia baina azkenean Mazisidor eta Barrenetxeak lortu zuten txapela 25-22ko markagailuarekin, Paredes eta Kepa bigarren postuan gelditu zirelarik. “Oso gogorra izan zen partidua eta amaierara arte berdinduta egon zen markagailua”, aipatu du Jose Mari Manzisidorrek.
Balorazio “ona” egin dute antolatzaileek eta datorren urtera begira txapelketa mantentzea izango da helburuetako bat: “Orokorrean txapelketaren balorazio ona egin dugu, beti daude hobetu beharrekoak baina pozgarria da herriko hainbeste gaztek parte hartu izana. Datorren urtean ere antolatuko dugu”.