Olatz bailarako leizeak, aztergai Mutrikuko hitzaldian
Eguenean [maiatzak 30] Mutriku inguruko leizeetako bizidunei buruzko hitzaldia eskainiko du Oier Gorosabelek.
Burumendi Espeleologia Taldeak, Burumendi Mendizale Elkartearekin eta udalaren laguntzarekin antolatutako espeleologia jardunaldiak hartuko du eguenean [maiatzak 30] Mutrikuko Zabiel kultur etxea. Leizeetako bizidunak Olatz bailaran hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Urdaibai eta Lea-Artibai eskualdeetan aritzen den ADES espeleologia taldeko Oier Gorosabelek. “Mutrikuko lurpean, munduan beste inon bizi ez diren animali espezieak ditugula nabarmenduko da”, azaldu dute antolatzaileek.
Burumendi Mendizale Elkarteak antolatutako hitzaldiak herritarek herriko luperko izakiak ezagutzea eta balioestea du helburu, “behar bezala babesteko”. Bioespeleologiaren eskutik, inguruko lurpean dauden izakiak izango ditu hizpide adituak. “Bioespeleologiak lurpeko izakiak ikertzen ditu. Diziplina gaztea da, 150 bat urte, eta hori dela eta asko dago jakiteko. Espezie berriak aurkitzea, esate baterako, ohikoa da. Gainera, lurrazalekoek ez bezala, animali troglobioek oso bizitoki mugatua dute, askotan mendi multzo bakarrean aurki daitezke, Arnon esate baterako”.