"Ezinbesteko" osasun zerbitzuak eskatzeko giza katea egingo dute eguenean Lekeition
SOS haur eta emakumeak taldeak deituta, 18:30ean egingo dute giza katea, Paskualitotik hasita; 2.300 sinadura eta hamazazpi atxikimendu lortu dituzte, eta Osasun Sailera bidaliko dituzte.
Osakidetzari oinarrizko osasun zerbitzuak eskatzeko eskaerek ez dute etenik. Lekeitioko SOS haur eta emakumeak taldea lanean aritu da azken bi hilabete inguruan, sinadura bilketa egiten: 2.300 sinadura eta herriko eta inguruetako elkarteen hamazazpi atxikimendu bildu dituzte. Hala, eguenean [maiatzak 30] sinadura bilketagaz amaitzeko eta “ezinbesteko” osasun zerbitzu eskatzeko, giza katea egingo dute, 18:30ean, Paskualitotik hasita; Lekeitioko Udalak ere bat egin du talde herritarrarekin, eta giza katera bertaratzeko deia egin die herritarrei.
SOS haur eta emakumeak taldeko kideek azaldu dutenez, euren aurreikuspenak bete egin dira, eta joan den eguenetik [maiatzak 23] pediatra zerbitzurik barik daude herrian: “Eguenetik medikurik gabe gaude. Lehen zegoen medikuak lekualdatzea eskatu zuen, eta Lekeitioko postua ez du inork hartu. Baldintzak horrela jarraitzen badute zaila izango da postu hau betetzea. Astero pediatraren falta ahal den modura beteko dute, baina irailera arte gutxienez, ez dute postua beteko “.
Horrez gain, ginekologia zerbitzua pandemia aurretik kendu egin zen eta Etengabeko Arreta Guneetan (EAG) “egun batzuetan” ez da medikurik egon. Era berean, emaginaren bajak ez dituzte betetzen, eta ezta oporrak ere: “Emagina uztailean erretiratuko da, eta gure susmoa da ez dutela beste inor ipiniko”. Hori horrela, bihar [maiatzak 29] Osasun Sailarekin harremanetan jarriko dira: “Idatzi bat eta sinadurak bidaliko ditugu. Isiltasun administratiboaren epea hilabete da, eta ez badute erantzuten edo ematen diguten erantzuna ez badugu bidezkoa dela ikusten, Arartekora joko dugu”.
Udara begira ere mobilizatzen jarraituko dute herritarrek: “Herria jendez hirukoizten da, baina guk pediatra barik jarraitzen dugu. Bilbon eta inguruan oso ondo daude, baina, gu, apur bat mugan gaudenok, abandonatuta gaude; hori da sentsazioa”. Hala, SOS haur eta emakuemak taldeko kideek herriko nahiz eskualdeko biztanleei eguenean [maiatzak 30] Lekeitiora bertaratzeko deia luzatu diete: “Ea giza katera ahalik eta jende gehien etortzen den eskualdetik, ze azkenean, denok arazo berdinarekin gabiltza. Kaosa da Osakidetzakoa, leku guztietan”.