Etxebarriko VII. Sari Nagusia, 150 txirrindulari baino gehiagogaz
Txirrindulari kadeteek Lea-Artibai eskualdea zeharkatuko dute zapatuan [ekainak 1], 16:30etik aurrera. Eskualdeko 61,7 kilometroko ibilbidea Gaztetxoak Txapelketako bigarren lasterketa izango da.
Ia 200 txirrindulari bilduko ditu zapatuan [ekainak 1] Etxebarriko VII. Sari Nagusiak. Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak zazpigarrenez antolatu du Lea-Artibaiko herri denak zeharkatzen dituen lasterketa, eta gaur gaurkoz izena 174 txirrindularik eman duten arren, 180 inguru espero dituzte. Izan ere, Etxebarriko probagaz batera, Euskadiko Gaztetxoak Txapelketa lehiatuko dute txirrindulari kadeteek; lehenengo lasterketa Aiaran (Araba) jokatu zuten apirilaren 27an, bigarrena eskualdekoa izango da, eta azkena, Agurainen jokatuko dute, ekainaren 23an.
Hala, zapatuan [ekainak 1] 16:30ean ekingo diete txirrindulariek 61,7 kilometroko ibilbideari. Ibilbidea ohikoa izango dela azaldu dute antolatzaileek, Etxebarrian hasi eta kostalderantz joango dira partaideak: “Lehenengo kostaldea dago, eta horrek lasterketa zatituko du. Lekeitiora heltzerako asko atzeratu egiten dira, eta aurrean doazenen arteko lehia Gontzugarai inguruan erabakitzen da, Munitibarretik Ziortza-Bolibarrera bitartean”.
Hori horrela, lehenengo txirrindulariak 18:00ak aldera heltzea espero dute antolatzaileek. Azkarrenak txapela eta trofeoa eskuratuko ditu; podiuma osatzen duten biek ere trofeoa lortuko dute. Era berean, lehenengo taldea eta eskualdeko txirrindulari onena ere trofeo banagaz itzuliko dira etxera; gaur gaurkoz, eskualdeko bost txirrindularik eman dute izena, eta antolatzaileek “pozez” jaso dute partaidetza. Azkenik, Gaztetxoak Txapelketako bi lasterketen ostean lidergoa eskuratzen duenari maillota jantziko diote.