Bertsolaritzak eta zinemak bat egingo dute 47. Euskal Zine Bileran
Bihar [urriak 18] bertso-zine gaua ospatuko dute, 21:00etan, Sociedad Recreativan. Sarrera mugatuak daude, eta erreserbatu egin behar dira.
Hasi da euskal zinemagintzaren harrobia den zine bilera, hasi da Lekeitioko 47. Euskal Zine Bilera. Atzo [urriak 16] eman zieten hasiera jaialdiari, eta ez du etenik izango astelehenera [urriak 21] arte. Berritasunez beteta heldu da, gainera, aurtengoa. Horietako bat bihar [urriak 18] izango da: bertso-zine gaua ospatuko dute.
Izan ere, bertsolaritzak jaialdian duen presentzia handitu egin dute. Nerea Ibarzabal bertsolariak epaile lanetan izango duen garrantziaz gain, “euskal kulturgintzaren alor bereiztu bat” hartu nahi izan dute ardatz moduan: “Jaialdiak egitarau zabala izango du, eta horietako askok bertsolaritzaren alorra jorratuko dute”. Eta, horren adibiderik onena izango da, hain zuzen ere, bihar [urriak 18] ospatuko duten bertso-zine gaua. Zinemaren alorra landuko dute bertsotan Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza bertsolariek. 21:00etan, Sociedad Recreativan, izango da bertso saioa, Ainhoa Urien gai-jartzailearen gidaritzapean.
Bertso-zine gaua 21:00etan hasiko den arren, antolatzaileek 20:30erako gerturatzeko eskatu dute, mokadutxoa egongo baita bertso saioa hasi aurretik. Sarrera mugatua denez, erreserba egin behar da euren sareetan zabaldu duten galdetegiaren bitartez. Ondoren, 5 euro ordaindu beharko dira kultur etxean aurretiaz edo saioa hasi baino 30 minutu lehenago.
Sortzaile gazteak, helburu. Sortzaile gazteengana hurbiltzea da aurtengo jaialdiaren helburu nagusietako bat, eta halaxe hasi zuten jaialdia atzo [urriak 16], ikasle goizarekin. Ikusgarri zinema aretoan elkartu ziren ikasleak, eta aurkezpena, proiekzioa eta solasaldia egin zituzten. Bihar [urriak 18] ere Arropaineko Arraguak antolatu duen Klixka esperimentazio espazioan hainbat sorkuntza tailer egin ahalko dituzte gazteenek; 18:00etatik 20:00etara kultur etxeko Eskolape aretoan elkartuko dira gazteak.
Lehiaketagaz, ostera, gaur [urriak 17] hasiko dira. Sail Ofizialerako sailkatu diren hogei film laburren proiekzioari ekingo diete, 19:00etan, Ikusgarrin; zortzi izango dira gaur ikusi ahalko direnak. Bihar [urriak 18], berriz, beste sei film labur ikusiko dituzte, eta etzi [urriak 19] emango diote amaiera lehiaketan parte hartu duten filmen proiekzioari.