Herritarrek Malen eta Galbaixo jaien balorazioa egiteko galdetegia prestatu du Mutrikuko Udalak
Herritarrek galdetegiak betetzeko aukera izango dute, modu digitalean eta paperean. Mutrikuko Udalak balorazioak egin eta iritzia ematera animatu ditu herritarrak.
Mutrikuko Udalak Malen eta Galbaixo jaien balorazioa egin ostean, herritarren iritzia jasotzeko galdetegiak prestatu ditu. “Pasatu da uda eta udazkenean sartuta gauden honetan, udan zehar izandako ekitaldi eta jaien balorazioa egiteko ordua iritsi da. Udalak egin du bere balorazioa, baina aurtengoan ere herritarren iritzia jakin nahiko genuke”, adierazi du Mutrikuko Udalak.
Balorazioak jasotzeko, galdetegia prestatu du udalak, “galdetegian Malen eta Galbaixo jaiei buruzko iritzia jasotzeaz gain, udan zehar antolatutako beste ekitaldiei buruzko iritzia ere jasoko da”. Galdetegiak betetzeko bi bide jarri ditu eskuragarri: digitala eta paperezkoa. “Mutrikuko Udalaren Telegram kanalaren bitartez eta Facebook sare sozialeko Mutrikuko Udalaren profilaren bitartez zabalduko da modu digitalean. Udalaren web orrian ere galdetegiari buruzko informazioa argitaratuko da eta galdetegiaren esteka ere bertan jarriko da. Horrez gain, aurtengoan paperezko euskarrian ere galdetegia erantzuteko aukera egongo da”. Liburutegian egongo da eskuragarri galdetegia, baita ere, hauek batzeko kutxa ere.
Mutrikuko Udalak galdetegiak bete eta balorazioa egiteko deia egin die herritarrei: “Udalak herritar guztiak bere iritzia ematera animatzen ditu. Balorazioa egiteko herritarren txanda da orain”.