Ipuin eta kontakizun laburren lehiaketa egongo da Etxebarrian lehenengoz
Azaroaren 18ra arte aurkeztu ahalko dira lanak. Etxebarrian erroldatuta dauden LH1etik 16 urterainoko gazteek parte hartu ahalko dute.
Etxebarriko Udaleko Euskara Batzordeak lehenengoz antolatu du I. ipuin eta kontakizun laburren lehiaketa. Helburu nagusia euskarazko idazketa sustatzea eta zabaltzea den arren, ipuin eta kontakizun laburren generoa ere bultzau nahi dute. Hala, deialdia zabalik dago jada parte hartu nahi dutenentzat; lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 18a izango da.
Azaldu dutenez, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 16 urterainoko Etxebarrian erroldatutako herritarrek parte hartu ahalko dute; parte hartzaileetako bakoitzak bina lan aurkeztu ahalko ditu gehienez. LH1etik LH4rainoko ikasleek ipuin jakin bat hartuko dute oinarritzat: “Eskolan aukeratuko duten ipuin jakin bat oinarri hartuta, ilustrazioz eta marrazkiz azaldu beharko dute. Ilustrazioak esaldi edo testu laburrekin lagundu ahalko dira”.
Hortik gorako gazteek, aldiz, antolatzaileek proposatutako hiru sarreretako bat aukeratu beharko dute, eta hari idatziz jarraipena eman. LH5 eta LH6ko ikasleek, gutxienez 100 hitz eta gehienez bi orrialdeko lanak aurkeztu beharko dituzte. 12 urtetatik 16 urterainoko gazteek, aldiz, gutxienez 200 eta gehienez 350 hitzeko lanak aurkeztu beharko dituzte, tarte bikoitza erabiliz idatzita, makinaz eta orriaren alde bakarretik idatzita.
Era berean, nola ez, ipuinek originalak eta aurrez argitaratu gabeak izan behar dute, eta baita beste lehiaketa edo txapelketaren batean saritu gabeak ere. Gaineratu dutenez, lanek fikziozkoak izan beharko dute, eta hizkuntza edo irudi guztiek inklusiboak eta ez-sexistak izan beharko dute.
Epaimahaia literatura eta euskalgintzako adituek osatuko dute, eta kategoria bakoitzeko irabazle eta sari bakarra emango dute. Hala, LH1 eta LH2ko gaztetxoen artean 20 euro banatuko dituzte; LH3 eta LH4koen artean, 30 euro; LH5 eta LH6koen artean, 40 euro; eta 12-14 eta 15-16 urte bitartekoen artean, 100 euro adin tarte bakoitzeko.
Lan bakoitzeko bi gutun azal aurkeztu beharko dira. Lehenengoaren barruan lanaren hiruna ale egongo dira, egilearen izenik barik, izenburuagaz baino ez. Bigarren gutunazalean, aldiz, egilearen datuak agertu beharko dira: izena, adina, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia. Bi gutun azalak itxita entregatu beharko dira, eta kanpoak honakoa agertu beharko da: egilearen adina eta lanaren izenburua.