Lekeitioko kultur elkarteen 2025erako proiektuak aurkezteko epea domekan amaituko da
Lekeitioko Udalak proposamenak baloratu eta dirulaguntzak emango ditu; galdetegia bete behar da domeka [urriak 27] baino lehen. Herriaren 700. urteurrenarekin lotutako ekintzak "hobeto" baloratuko dituzte.
Lekeitioko Udalak herriko kultur elkarteen proiektuak aurkezteko deialdia zalbaldu du. 2025ean kultur ekintzak antolatu gura dituzten talde eta elkarteek udalaren dirulaguntzak jaso ahalko dituzte; jaietan nahiz urteko beste edozein egunetan aurrera eroateko ekintzen proposamenak jasoko ditu udalak. Hala, urriaren 27a izango da proposamenak aurkezteko azken eguna.
Euren sare sozialetan zabaldu duten galdetegia bete beharko dute proposamenak aurkeztu nahi dituztenek. Bertan, ekintzaren data eta elkartearen informazioa jasotzeaz gain, aurrekontua ere jasota egon beharko da. Era berean, ekintzaren azalpena eta helburuak, ekintzak eragiten dituen herritarren perfila eta udalari eskatzen zaizkion baliabide materialak ere jasoko dituzte. Gaineratu dutenez, herriaren 700. urteurrenaren harira antolatutako ekintza proposamenak “hobeto” baloratuko dituzte.