Giro ilunari aurpegi alaiak ipini dizkiete Etxebarriko Gazte Egunean
Egun guztiko egitarauagaz gozatu dute etxebarritarrek, herriko gazte asanbladaren eskutik. Euriak atsedenaldirik eman ez badu ere, Etxebarriko gazteentzat ez da oztopoa izan eguna goi-goitik ospatzeko.
Etxebarritarrak gogoz zeuden gaurko [urriak 26] eguna heltzeko, Gazte Eguna heltzeko. Eguraldia ilun egon den arren, gozatzeko astirik galdu barik, goizean goiz hasi dute Etxebarriko Gazte Asanbladak antoltau duen eguna
Izan ere, 11:00etan elkartu dira herriko frontoian: lau taldetan banatuta II. Herri Kirol lehiaketa egin dute. Txingak eroaten, zakuen lasterketa egiten, sokatiran eta beste hamaika herri kiroletan aritu dira. Taldeetako bakoitza hamar lagun ingurukoa izan da: lehenengo taldea guraso elkartekoek osatu dute, bigarrena 30 urte ingurukoek, hirugarrena 25 urte ingurukoek eta laugarrena gaztetxoagoek. Berdinketa egon da guraso elkartearen eta asanbladako kideen taldeen artean, eta irritzi txapelketa batekin erabaki dute berdinketa haustea.
Eguerdiari musika apur bat ipini diote ostean, herriko trikitilariekin egun duten triki poteoan. Hala, musika artean, 70 lagun inguru elkartu dira frontoian egin duten bazkarian. “Giro polita” sortu da herritarren artean, izan ere, gazte nahiz nagusi, denek elkarrekin bazkaltzeko aukera izan dute. Izan ere, horixe zen asanbladaren helburuetako bat: herriko adin desberdinetako jendea elkartzea. Eta ondo lortuta amaitu dute aurtengo Gazte Eguna ere.
Bazkalostean, aldiz, Maider Mimi aretxabaletarraren bakarrizketa egon da. Maider Mimi duela bi urte hasi zen antzerkigintzan,eta Algaraka umorezko bakarrizketa lehiaketan parte hartu berri du. Hala, barre artean pasa dituzte arratsaldeko lehenengo orduak.
Ostean, musikaren txanda izan da: Hamarru elektrotxaranga ari da arratsaldea girotzen. Euria hasi den arren, karpa bat lortu dute, eta elektrotxarangagaz poteoa egitea lortu zuten. Jarraian, 21:00etan elizpean egingo dituzten kontzertuek hartuko diete erreleboa. Malko, Rebel Noise eta DJ Etxekoiren eskutik amaituko dute Gazte Eguna.