Iker Ormaetxeak eta Nahia Ibarzabalek irabazi dute Mutrikuko Herri Krosa
Lehenengo bi sariak Lea-Artibain geratu dira: Ormaetxea ondarrutarrak 33 minutu eta 57 segundoan amaitu du lasterketa, eta Ibarzabal markina-xemeindarrak, aldiz, 41 minutu eta 46 segundoan. Gizonezkoen podiuma Julen Etxebarriak eta Mikel Agirrebeñak osatu dute, eta emakumezkoena, aldiz, Onintza Zeberiok eta Nora Etxeberriak.
Mutrikuko Talaixa Triatloi Klubak antolatuta, XXI. Herri Krosa lehiatu dute gaur [urriak 26] 65 korrikalarik. Euripean irten dira denak Goiko Plazatik, eta euripean heldu dira helmugara ere. Hala, 12:00etan hasi eta ordu erdi eskas igarotzerako heldu da lehenengoa: Iker Ormaetxea Arrieta ondarrutarrak 33 minutu eta 57 segundo behar izan ditu 10 kilometroko lasterketa amaitzeko. Lehenengo emakumea, aldiz, Nahia Ibarzabal Gisasola markina-xemeindarra izan da, 41 minutu eta 46 segundoko denbora eginda.
Ormaetxea heldu eta zortzi segundora heldu da Julen Etxebarria Urrosolo ondarrutarra, eta 00:34:05eko denboragaz, bigarren postua lortu du sailkapen orokorrean. Hirugarrena ere, denbora gutxiren buruan heldu da helmugara: Mikel Agirrebeña Iturbe debarrak 34 minutu eta 31 segundoko denbora egin du.
Emakumeetan, aldiz, Ibarzabal baino minutu bat gehiago behar izan du Onintza Zeberio Arretxe azpeitiarrak lasterketa amaitzeko: 42 minutu eta 5 segundoko denbora eginda, bigarren postuan sailkatu da Zeberio. Hirugarren postua ere Urolaldera joan da: Nora Etxeberria Galarragak 43 minutu eta 24 segundoko denboragaz amaitu du lasterketa.
Herritarrek ere, maila ona erakutsi dute lasterketan. Asier Arrieta Badiola izan da heldu den lehenengo mutrikuarra (00:36:11); sailkapen orokorrean zortzigarren postua lortu du Arrietak. Bost segundoko aldeagaz heldu da bigarren mutrikuarra ere, Gaizka Garcia Nieto, hain zuzen ere. Hirugarren mutrikuarra, aldiz, Julen Barjola Alonso izan da: 38 minutu eta 46 segundoko denbora eginda heldu da helmugara. Emakume mutrikuarrik ez da egon lasterketan, eta beraz, ez dute saririk banatu.
Gazte krosa. Gazteek ere izan dute lasterka egiteko aukera, lau kilometroko ibilbidea egin dute herrian zehar. Iaz zumaiar batek irabazi zuen gazteen krosa, eta aurten ere bai: Unai Egaña Zendoiak 14 minutu eta 22 segundoan amaitu du lasterketa, iazko Martxel Mantzisidorren marka hobetuta.